Amaitu dituzte Bergarako frontoiko lanak

Idoia Aranbarri Arzuaga 2025ko ots. 7a, 14:18

Udal Pilotalekuko estalkia guztiz berritu dute, isolamendu termikoa eta akustikoa hobetzeko. Halaber, margoketa lanak ere egin dituzte. Obrak amaituta, ordea, zorua irristakor dago eta gaur jokatzekoak ziren partidak Antzuolara lekualdatu dituzte.

Lau hilabeteren ostean, aste honetan amaitu dituzte Bergarako Udal Pilotalekua berritzeko lanak. Urriaren 7an hasi zituzten obrak, eta estalkia guztiz berritu dute. Horrenbestez, isolamendu termikoa eta akustikoa hobetu egin dituzte. Margotu ere egin dute. Alabaina, gaur arratsaldean estreinatu behar zuten frontoi eraberritua Bergarako pilotariek hiru partidekin, baina azkenean, Antzuolan jokatuko dituzte lurra labainkor baitago.

Bergarako Udaleko Kirol Zinegotzi Olatz Manuelek adierazi du garbiketa sakonak egin beharko dituztela hori konpontzeko. "Hauts dezente pilatu da. Kolorea pixka bat ere galdu du lurrak, eta orain tokatzen dena da garbiketa sakona egitea. Ikusiko dugu nola geratzen den", adierazi du Manuelek GOIENA telebistan.

Eguraldiak baldintzatutako lanak

Aurreikuspena, lanak abenduan zehar amaitzean bazen ere, epeak ezin izan dituzte bete, eguraldiaren baldintzapean egon delako teilatuaren konponketa. Kirol zinegotziak azaldu du lanak atzeratzeak ahalbidetu duela frontoia margotzea, baina ez dute hormaren saneamendurik egin. Pintaketa lanetan, gainera, Bergarako urdin mahoi kolorea gaineratu dute: "Urdinaren zati hori aurreikusita geneukan margoketetan sartzea. Hori egin da, eta bide batez, aprobetxatu dugu ezker pareta eta atzeko horma margotzeko. Saneamendura ez gara iritsi, baina aurrera begira kontuan hartzeko alderdi bat izango da".

Egindako lanak

Pilotalekuaren iragazgaizte eta isolamendu arazoak konpondu dituzte, eta horretarako, egiturak indartu nahiz estalki-plakak berritu dituzte frontoian egiten diren ekintzak baldintza duinagoetan egiteko. Goitu Eraikuntza SL enpresa arudratu da obraz, eta berritzeak 356.954 euroko aurrekontua izan du. Halaber, Udalak adierazi duenez, 135.380 euroko diru-laguntza jaso dute Gipuzkoako Foru Aldunditik.

Hemendik aurrera, ohiko erabilera emango zaio frontoiari; besteak beste, datozen egunetan, pilota partidak itzuliko dira, baita Bergarako Musika Bandaren kontzertuak ere. Dena den, kirol zinegotziak aurreratu du euskal pilotarekin lotutako jarduerak bultzatzen jarraituko dutela.

Pilotariak eta musikariak frontoia erabiltzeko gogoz

Azkenean, gaur estreinatuko ez duten arren, Bergarako Pilota Sailak bertan jokatzeko irrikaz dago. Lau hilabete eman dituzte Antzuolako eta Angiozarko frontoietan entrenatzen, eta Antzuolan Txapelketetako partidak jokatzen.

Halaber, hurrengo emanaldi nagusia Bergarako Musika Bandak eta Orkestra Sinfonikoak emango duten kontzertua izango da, Aratusteetakoan. Ikusminaz daude jakiteko teilatuaren berritzeak nola eragin dion akustikari. "Espero dugu orain akustikoki eta termikoki bere fruituak ematea eta denok pozik eta eroso egotea hemen", gehitu du kirol zinegotziak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak