Bergarako Pilota Sailak hartu du partidak Antzuolako frontoian jokatzeko erabakia atzo arratsaldean, lurra labainkor zegoelako Bergaran. Bergarako Udaleko kirol zinegotzi Olatz Manuelek adierazi du, obrak iraun duen bitartean, plastiko ezberdinak jarri dituztela lurrak zaintzeko, baina obrak amaituta, babesgarria kenduta, igartzen dela "lau hilabeteko obra erabilera". "Hauts dezente pilatu da. Kolorea pixka bat ere galdu du lurrak, eta orain tokatzen dena da garbiketa sakona egitea. Ikusiko dugu nola geratzen den", adierazi dio Manuelek GOIENAri.
Hala, gaur arratsaldean, ondorengo partiduez gozatu ahal izango dute Antzuolan: Gipuzkoako Binakako Txapelketan, alebinen mailan, Bergarak Arrasateren kontra jokatuko du; Gipuzkoako Binakako Nesken Txapelketan, infantiletan, berriz, Bergarak Aizkorpe hartuko du; eta gizonezkoetan, Ataun eta Oiarpe arituko dira.