Bergarako Udal Gobernuaren 2025eko aurrekontu proposamena "pobrea eta kontinuista" dela adierazi du Eusko Alderdi Jeltzaleak, aurreko legegintzaldian bultzatutako proiektuekin jarraitzera mugatzen dela, eta ez dituela Bergarak dituen beharrak eta erronkak identifikatzen: "Orain ari gara aztertzen proposatutako aurrekontua, baina ikusten dugu anbizio gutxikoa dela; gure ustez, Bergara atzean gelditzeko arriskuan dago, eta bide horretan goaz. Etorkizunari begira, ausartagoak eta eraginkorragoak izan behar dira aurrekontuak", azpimarratu du Mikel Letek, Bergarako EAJko udal taldeko bozeramaileak.
38.448.527 euroko aurrekontua proposatu du Udal Gobernuak, %14ko igoerarekin iazkoarekin alderatuz gero, eta 10.681.000 euro bideratu nahi dituzte inbertsioetarako. Urtarrilaren hasieran eman zuten horren berri, eta Letek adierazi du urtarrilaren 7an iritsi zitzaiela eurei; halere, hainbat hutsune identifikatu dituzte. "Guretzat pertsonak izan behar dira helburuak, eta horretan finkatuta egon behar dira aurrekontuak, pertsonak eta beren zaintzan eta ongizatean eragiten duten politikak aurrera eramateko. Hori da faltan botatzen duguna aurrekontu hauetan".
Horrez gain, Leteren hitzetan, aurrekontuetan faltan bota dute etxebizitzen beharrari erantzun bat ematea, energia trantsizioan aurrera egiteko urrats "ausartagoak" egitea eta, azkenik, "kalitatezko zerbitzuak emateko sustapen ekonomikoa bultzatzea".
Iazko aurrekontuen betetze-maila
2024ko aurrekontuen betetze-maila ere izan dute hizpide jeltzaleek, "baxua" izan dela nabarmenduta: "Guk ikusten duguna da inbertsioetan aurreikusitako kopuruetatik hiru milioi gelditu direla burutu gabe, eta uste dugu hori EH Bilduk gestiorako duen ezgaitasunarengatik dela; agerian gelditzen da EH Bilduk aurrekontuaren kudeaketa eraginkorra egiteko dituen mugak".
Hala, datozen egunetan, Udal Gobernuak aurkeztutako aurrekontu proiektuari egingo dizkioten proposamenak lantzen arituko direla azaldu dute, eta datorren astean jakinaraziko dituztela zeintzuk diren proposamen zehatz horiek.