Udal Gobernuak asteon eman du 2025erako aurrekontu proposamenaren berri. Diotenez, "herriaren garapena eta ongizatea sustatzen duten arlo nagusiak indartzeko proposamena" da. Gobernuak proposamena aurkeztu die udal taldeei, datozen asteetan euren ekarpenak jaso eta behin betiko proposamena otsailerako onartuta izateko asmoarekin.
Inbertsioetan igoera handia
2025erako proposamena 38.448.527 eurokoa da, 2024arekin alderatuta "igoera nabarmena" duena. %14ko igoera proposatzen dute: "Ezohiko aurrekontua izango da aurtengoa, inbertsio handiei erantzutera datorrena. 2026ko eta 2027ko aurrekontuetan ohiko gaitasunera mugatzeko baldintza ere aintzat hartu behar dugu".
Udal Gobernuarentzat "estrategikoak" diren eta aurten gauzatzen hasi beharreko inbertsioek eragin dute, bereziki, aurrekontuaren igoera. 10.681.000 euro bideratuko dituzte inbertsioetara eta horien artean azpimarratu beharreko lehena da urtarril amaieran berritzen hastea aurreikusten den Barrenkalea. Urtarril amaieran lanak hastea espero dute; 1.600.570 euroko exekuzio aurrekontua du proiektuak, BEZa barne. Barrenkalea berritu ostean etorriko da San Martin plazaren itxuraldaketa, eta, horrekin, alde zaharraren biziberritzean eta eremu monumentalaren zaintzan eragiteko asmoa du Udal Gobernuak.
Hiru milioi euro, hiru inbertsio
Bestetik, udal zerbitzuei begira, udal eraikinetan hainbat inbertsio egingo dira. Udaletxean eta inguruan eremuak berritu eta herritarren arreta zein zerbitzuen irisgarritasuna hobetzeko milioi bat euro inguru baliatuko dira. Beste milioi bat euro Agorrosingo kiroldegiko teilatua konpontzeko erabiliko da, eta beste horrenbeste dago aurreikusita Arrizuriaga jauregia "kulturan erreferente" bilakatuko duen eraikina egokitu eta ekipamenduz hornitzeko.
Udal Gobernuak gogora ekarri duenez, "berdintasun politiketan sakontzeko aukera" emango duen Emakumeen etxea ere Arrizuriagan jarriko da martxan, herriko emakumeekin batera diseinatu ostean. Beste inbertsio esanguratsu batzuen artean, honako hauek azpimarratu ditu Udal Gobernuak: Boluko malda egonkortzeko beste esku-hartze bat egingo da aurten (536.000 euro); jasangarritasun ikuspegitik Udaleko energia horniketan burujabetzan sakontzeko 388.000 euro inbertituko dira, eraikin publikoen teilatuetan instalazio fotovoltaikoak gauzatzeko; eta baserri-bideak konpontzeko eta horien garbiketa zein mantentzerako 272.000 euro inbertituko dira.
Udal zerbitzuak hobetu nahian
Aurrekontuaren beste heren bat, 11.930.915 euro, ondasun eta zerbitzuen gastu arruntetara bideratuko dira, udal zerbitzuen mantentzea eta hobekuntza bermatzeko. Esaterako, udal langileen lansariek 11.230.113 euroko diru izendapena izango dute aurten. "Udal jarduerak eta herritarrei eskaintzen zaizkien zerbitzuak sostengatzen dituen giza taldearekiko konpromisoa sendotzen dugu horrela". Horrez gain, hirugarren adinekoendako etxez etxeko zerbitzuaren aurrekontua 1.143.000 eurokoa izango da; Laboratorium museoaren 10. urteurrena ospatzeko urte osoko programazio bereziak 200.000 euro jasoko ditu; kultura ekintzetarako aurrekontua 343.000 eurokoa izango da; eta hondakinen bilketarako eta Mankomunitateak ematen dituen beste zerbitzuak finantzatzeko 2.500.000 euroko ekarpena egingo da.
Gorka Artola alkatearen arabera, proposamenak Udal Gobernuaren konpromisoa islatzen du Bergararen etorkizunarekin. "Aurrekontu hauek Gobernu Planean aurkeztu genuen gure bide-orriko erronka gehienei erantzuten diete. Oso inbertsio garrantzitsuak dira, herritarren espazio publikoak hobetzeko eskaerei erantzuten dizkietelako, adibidez, Barrenkalean edo Arrizuriaga jauregian. Inbertsio horiek gure herria bizi-kalitatean erreferente bihurtzea dute helburu".