Santa Zeziliaren omenezko Bergarako bandaren kontzertuak osagai bereziak izan zituen atzo. Frontoiko obren ondorioz plazan jotzea nahi zuten baina haizeak eraginda San Pedro elizan jo behar izan zuten. Egitaraua ere bereziki bariatua izan zen; bost pieza jo zituzten guztira eta tartean izan ziren Hertzainak rock taldearen bost kanturen moldaketak. No time for love, 564, Ta ezer ez da berdin, EH Txo! eta Egunero, eta Aitormena abestiari ere ezin zikioten ezkutuko keinu batzuk.
Gainera, bandan 70 urte egin dituen Joxe Ramon Lazkano ere omendu zuten kontzertuaren amaieran. Emaztea ondoan zuela bandako kide den semearen partetik lora sorta jaso zuen Lazkanok. 2019an zen erretiratzekoa bainaezin utzi eta beste bost urtez aritu da bandan jotzen. Banda bere bizitzaren ezinbesteko zutabeetako bat izan dela dio Lazkanok.
Bergarako bandaz gain, azaroaren 22ko Santa Zeziliaren omenezko hainbat emanaldi izan dira bailaran zehar. Egubakoitzean, adibidez, Eskoriatzako bandak eta musika eskolako ikasleek kontzertua eskaini zuten plazan jarritako karpan.
Bestalde, Aramaion ere presentzia izan zuten musikarien zaindariaren omenezko kontzertuek. Izan ere, Bizente Goikoetxea abesbatzak emanaldia eskaini zuen atzo San Martin elizan, mezaren ostean.