Lehen kontzertu gauarekin alderatuz, hotz samar hasi zen sentsazioa zegoen, seigarren Danbaka Musika Lehiaketaren bigarren kontzertu-sorta hasteko zela. DJ Chicabeat-ek –Karen Caceres–, baina, asmatu zuen Seminarixoko kanpoaldeko chill out gunera jendea gerturatzen, rock-and-roll, new wave eta punk estiloetako LPak baliatuta garai bateko musika-bidaia ederra proposatuta.
Low Cost Deluxe, Eten, K-PO eta Rebel Noise taldeak izan ziren Seminarixoko agertokian seigarren Danbakaren bigarren kontzertu-gauean
Rocka lehenengo zatian
Urduri igo zen Seminarixoko taularen gainera Bergarako Low Cost laukotea, baina poliki-poliki agertokia bereganatzen joan zen. Abeslariak mikroaren hankarekin egin zituen malabarismo bitxiekin eta metal eta hard-rock estilotik gertu zeuden doinuekin bete zuten ordu erdiko emanaldia, aurrean lagunak eta senideak zituztela. "Esperientzia ikaragarria izan da, mordo bat disfrutatzen ari gara. Hemen jotzea guretzako sari handia da", kontatu zuten agertokitik jaitsi orduko.
Rock doinuen segida egin zuen taularen gainean lekukoa hartu zuen Aretxabaletako Eten hirukote gazteak. Leizarra Musika Eskolan proposatutako konbo-talde batetik jaiotako hirukotea da eta nabari zen hiruren arteko konplizitatea, nahiz eta kameren presentziak eta eszenatokiaren tamaina handiak jarrera lotsatia izatea eragin zien. Hauxe esan zuen taldeko abeslari Araitz Lizarriturrik: "Gu ohituta gaudenerako, serio samarra da kontzertu-formatu hau, baina sekulakoa da aretoa, eta gozatu egin dugu guk ere".
Urbanoa eta punk-rocka gero
Lehenengo kontzertu gauean musika urbanoak eragindako sentsazioak gogora ekarri zituen K-PO –Chadi Ayastui– bergararrak taularen gainera igotzeaz bat. Etxean jokatzen zuen, eta bazekien hori, eta jakin zuen aukera hori aprobetxatzen. Lehenengo kantutik dantzarako gonbidapena egin zuen eta erantzun beroa jaso zuen publikoaren partetik, taularen eta publikoaren artean zegoen hutsunea betetzea lortuta. Aurrean zituen jarraitzaile fidelak eta alboan, taularen gainean, Bergarako musika urbanoaren komunitatea osatzen duten askotariko artistak. "Elkarlanean kantu asko sortu izan ditugu eta Danbakako kontzertua horren erakusleiho izan gura nuen", kontatu zuen saioa bukatuta.
Musikazaleak, senitartekoak eta musikariak, aretoko publikoan giro onean batuta
Rebel Noise boskoteari egokitu zitzaion gau hartako azken lehiakide izatea. Kameren beldurra edo pisua sumatu zitzaien hasieran, baina segituan heldu zioten ohikoa duten punk-rock eskaintza azkarrari. Astean zehar gaixorik izan da taldeko abeslari Iturri, eta kontzertura horren kezkarekin joan zela aitortu zuen taularen gainetik jaitsitakoan. "Hobeto egin ahal nuen, baina pozik nago egin dugunarekin. Beste giro batera ohituta gaude; formatu hau formalagoa da, baina gustura egon gara".
Aretotik pantailara
Danbakaren ezaugarria da kontzertuetan askotariko musika estiloak batzea, eta horrek eragiten du publikoan ere nahasketa bitxia topatzea. Seminarixoko zuzeneko kontzertuetan egoteko aukerarik izan ez zuenak Danbakast bideopodcastean aurkituko ditu kontzertuak zein bestelako bideo gehiago.