Skate Festak ez zuen lehen aldia izan zapatuan, beste aldi batzuetan ere antolatu izan baitu Trukuzikin elkarteak, skatearen mundua zabaltzeko asmoz. "Skate mugimendua ez da horren zabala herrian eta bailaran, eta hor ibiltzen garenok-eta jende berria erakarri nahi dugu", azaldu du Joxemari Larrañaga elkartekideak. Haren hitzetan, harrobi "txikia" dago Bergaran eta Debagoienean, modaren araberakoa dela uste baitu: "Orain, egia da Olinpiar Jokoekin-eta izan duela bultzada, eta badaude gaztetxo berriak, baina sasoiak eta sasoiak daude".
Aldi baterako kirol bat izan daitekeen arren, badira gaur egun horretan dabiltzan patinatzaile gaztetxoak, hasiberriak izan arren gogotsu dabiltzanak. Eta haien ondoan izaten dira zaharragoak ere, ja urtetan dabiltzanak skate gainean patinatzen; esate baterako, Mattin Rozas arrasatearra: "Lagunak dira Bergarakoak, eta bailara mailako ekintza bat antolatu dutenez, etorri egin naiz, honetan ibiltzen garen gutxiok elkar gaitezen".