Ateak ireki ditu lehenengoz Elikaeneak

Gontzal Belategi Zubia 2024ko ira. 9a, 19:46

Egubakoitzean aurkeztu zuten Elikaenea, Oxirondo Azokan. Herritarren babesa jaso zuen proiektuak eta jende ugari batu zen irekiera-festan. Gaur, astelehena, zabaldu ditu ateak estreinakoz.

"Ilusioz" aurkeztu zuten egubakoitzean Elikaenea proiektua, eta jendetza hurbildu zen Oxirondo Azokan egin zuten aurkezpen ekitaldira. Herritarren, ekoizleen eta dendarien beharrei erantzungo dien herri-proiektua izanea da Elikaenearen helburua.

Denbora luzez ibili dira lanean proiektuaren parte diren eragile ezberdinak, baina Aitziber Plazaola Ereindajan kooperatibako langilea eta Elikaeneako dinamizatzailearentzat irekiera "inflexio-puntua" izan da, eta "hasiera bat" bezala izendatu zuen. Bat egin du honekin Garikoitz Aiestak, Debagoieneko Landa Garapen elkarteko teknikariak eta irekiera "puntu bereizgarri" gisara izendatu du.

Dagoeneko irekita

Gaur, astelehena, ireki ditu ateak lehenengoz Elikaeneak. 09:30etik 13:30era eta 16:30etik 19:30era egon da irekita. Ordutegi hori izango du astelehen, martitzen, eguen eta egubakoitzetan. Eguaztenetan berriz, ordutegi jarraia izango du, 09:30etik 19:30era. Zapatuetan ere irekita egongo da, 08:00etatik 13:00ak arte.

Handitzen jarraitzeko asmoa

Ereindajanek abiatu zuen ildotik jarraituko omen du proiektu berriak, baina denda txiki bat izatetik Oxirondoko Azoka bezalako leku baten kokatuta egotera saltoa dagoela adierazi zuten arduradunek, eta horrek zerbitzu berriak eskaintzeko aukera ireki diela, besteak beste, sukalde bat irekitzea eta produktu berriak eskaini ahal izatea. Elikaeneak 100 ekoizle ingururekin du egun hartu-emana, baina proiektua handitzen joatea eta ekoizle berriekin harremanak osatzea dute helburu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak