Elikaenearen irekiera-festa eginda, astelehenean zabalduko ditu ateak

Idoia Aranbarri Arzuaga 2024ko ira. 7a, 11:05

Elikaenearen irekiera-festa egin zuten atzo arratsaldean Oxirondo Azokan eta jendetza bildu zen. Ekitaldiak udal, Debagoieneko Landa Garapeneko nahiz Ereindajaneko ordezkariek hartu zuten hitza. Horren ostean, bertaratutakoek denda ikusi, Harria taldearen kontzertuaz gozatu nahiz bertako ekoizleen produktuekin prestatutako mokaduak jan ahal izan zituzten.

18:30 pasata hasi zen Elikaenearen irekiera-festa eta Oxirondo Azoka jendez bete zen Ereindajan kooperatibak kudeatuko duen espazioaren inaugurazio ekitaldian. Hitza hartu zuten lehenak Gorka Artola alkatea eta Ainhoa Lete zinegotzia izan ziren, eta haiek gogoan izan zuten, 1994ko irailean Oxirondo Azoka inauguratu zuten une hura. "30 urte beranduago hemen gaude berriro ere ilusioz. Hiruzpalau urte egon gara lanean eta lan guztiaren ondoren, oso egun berezia da guretzat", zihoen Ainhoa Letek.  Adierazi zuen espero dutela Elikaenea izatea baliabide "garrantzitsu" bat ekoizleen baldintzetan eta kontsumitzaileen ohituretan eragiteko.

Orain artekoa baino eskaintza zabalagoa

Herritarren, ekoizleen eta postuetako dendarien beharrei erantzungo dien herri-proiektua izango da. Aitziber Plazaola Ereindajan kooperatibako langilea eta Elikaeneako dinamizatzailearentzat espazio honen irekiera "inflexio-puntua" izango da, eta "hasiera bat" baino ez da. Orain arteko ildotik jarraituko du Ereindajanek, baina zerbitzuan aldaketak egongo direla zihoen Plazaolak: "Gaur egun arte Ereindajan egon da lokal txiki batean kokatuta, eta hemendik aurrera espazio handi honetan egongo gara. Oxirondoko Azokaren barruan, eta horrek suposatzen duen guztiarekin. Hemen bestelako postu finkoak daude eta horrek aukerak emango dizkigu bestelako ekintzak antolatzeko".

Show cooking-ak, dastaketak, zizka-mizka zerbitzua, solasaldiak, tokiko produktuen merkaturatzeko logistika izango dira berritasun batzuk, baina nagusiena. Eguaztenak Oxirondon egitasmoa izango da. Eguaztenetan bertako ekoizleekin, merkatariekin eta sukaldariekin martxan jarriko den dastaketa eta solasaldia izango da. Momentuz, 100 ekoizle ingururekin du hartu-emana elkarteak, baina badute asmoa eskaintza zabaltzeko.

Gaur egungo errealitatera egokituz

Garikoitz Aiesta Debagoieneko Landa Garapen elkarteko teknikariak ere "puntu bereizgarri" bezala deskribatu zuen Elikaenearen irekiera: "Urte luzez azokek pisu handia izan dute, baina azken hamarkadetan beherakada nabaria izan dute. Gaur egungo errealitatera, gizartera, egokitzeko horrelako pausoaz derrizgorrezkoak dira. Azoken biziberritzea ezinbestekoa da, Oxirondo Azokan Elikaeneak eman duen pausoa ildo horretan doa".

Herritarrek emandako babesa ere eskertzekoa da Aiestarendako, lanean jarraitzeko "beste indar bat" ematen duelako. "Hemen herria da bultzada, herriaren alde egiten da lan eta herria babestu ezean, jai dago. Dudarik gabe horrelako egitasmoek inbertsio ekonomikoak eskatzen dituzte, eta hor elkarlanean Bergarako Udala Ereindajanekin eta gainontzeko eragile ezberdinekin gauzatu da Elikaenea".

Astelehenetik aurrera zabalik

Inaugurazioarekin batera, ateak astelehenean zabalduko ditu Elikaeneak eta honako hauxe izango da ordutegia: astelehen, martitzen, eguen eta egubakoitzetan 09:30-13:30 eta 16:30-19:30; eguaztenetan ordutegi jarraitua izango du, 09:30-19:30 artean, eta zapatuetan 08:00etatik 13:00etara.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak