Automatak ikusteko aukera, Bergarako Laboratorium Museoan

Idoia Aranbarri Arzuaga 2024ko uzt. 4a, 15:00

Aste honetan zabaldu dute Bergarako Laboratoriumen Lluis Ribasen Automatak: Mekanismo magikoak erakusketa eta bertaratzen direnek gaur egungo roboten arbasoen konplexutasun teknikoa ulertu ahal izango dute.

Bartzelonako egilea duela 30 urte hasi zen automatak sortzen etxean egindako maketekin ikasleek ikas zezaten nola funtzionatzen zuten mekanismoek. Automata hauekin egungo roboten iragana sortzen duela dio Ribasek. Hemeretzi automata dauzka, eta horietatik hamabi daude ikusgai Bergaran.

"Automata, berez, mugimenduan dagoen pertsonaia da. Gertatzen dena da gaur egun makina exotikoa dela, gaur egun 5G-aren munduan mugimendu mekanikoa ia bitxikeria bat bezalakoa da", dio Lluis Ribasek.

Publikoaren parte-hartzea

Bi multzotan sailkatu ditu bere automatak. Batetik, mugimenduan dauden eskulturak, eta bestetik, automata-magoak edota ilusionistak. Azken horiekin, gainera, publikoak interaktuatu egin dezake eta halaxe egin zuten asteleheneko bisita gidatuan, esaterako.

"Bai, batez ere, magoak dira interesgarrienak, magoak, printzipioz, inork ukitu gabe martxan jartzen direlako. Publikoarekin elkarreragiten dute… Adibidez, publikoak karta bat edo zenbaki bat aukeratzen du. Orduan, automatak asmatu egiten du zer aukeratu duen publikoak, automata inork ukitu gabe", azaldu du Bartzelonako egileak.

Ribasek ez du gura izan "automatak funtzionatzeko trikimailua" zein den argitu, eta hori guztia ezagutu nahi dutenak gonbidatu ditu "erakusketa ikustera, ikusleak izan daitezen magia trikimailu guztiak nola funtzionatzen duen ondoriozta dezaketenak".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak