Lepo bete zen Bergarako udal pilotalekua Korrontzik eta Moises Azpiazu dantza taldeko kideek eskainitako K dantzan emanaldia ikusteko. Korrontzi taldearen hainbat kantu dantzatu zituzten dantza talde bergararreko kideek. Kasualitatez suertatu zen emanaldia egiteko aukera. Izaskun Iturri, Korrontziko dantza irakaslea, eta Maite Lazkano, Moises Azpiazuko arduraduna, elkartu ziren batean irten zen elkarrekin zerbait egiteko ideia, eta azkenean, hainbat entseguren ostean, zapatuan gauzatu zen ideia horretatik abiatutako ikuskizuna.
Ez da Korrontzik gisa honetako emanaldi bat eskaintzen duen lehen aldia, dagoeneko 70 dantza talde baino gehiagorekin egin dituzte eta ikuskizun ezberdinak. Hala ere, Moises Azpiazuko dantzariekin egiten zuten lehen aldia zen, eta oso maila ona erakutsi zuten dantza talde bergararreko kideek. "Dantzariak txoratzen geratu dira, eta gu ere bai" adierazi zuen Agustin Barandiaran, Korrontziko sortzaileak emanaldiaren ostean. Ikuskizunaren balorazio oso positiboa egin zuten bi aldeek. Barandiaran hunkituta agertu zen bergararrek egindako harrera beroarekin. Bere partetik, Maite Lazkano ere oso pozik gelditu zen emaitzarekin. Bi aldeentzat errepikatzeko moduko ekintza izan zen.