Korrontzi taldeko sortzaile Agus Barandiaran hunkituta zegoen ikuskizunaren amaieran: "Jendez lepo egon da frontoia, eta giro itzela. Dantzariak ohituta egoten dira plazan eta bestelako giro baten dantzatzen baina musikariez inguratuta musikariekin dantzatzea beste kontu bat da. Urduri zeuden baina urduritasun hori oso polita izan da, asko duelako ilusiotik. Horrek ere ilusioz betetzen gaitu. Oso ondo joan da, hala esan digu ikuslegoak".
Bestalde, emanalditik zer azpimarratuko zuen galdetuta, honako hau erantzun du Barandiaranek: "Niretzat ikusgarriena eta barruan zerbait sortzen duena kamerino edo gaurkoan aldageletan sortzen den giroa da. Irten aurretik sortzen den testuinguru berezi hori da bereziena niretzat; atzo [egubakoitzean] Murtzian jo genuen eta nekatuta etorri ginen Bergarara, baina emanaldiaren aurreko une berezi horiek neke guztiak ahaztarazten dituzte".
Moises Azpiazu dantza taldeko arduradun Maite Lazkanoren arabera "zoragarria" izan da prozesua: "Lan handia egon da, baina oso esperientzia polita. Gure erregistroa fandangoa eta arin-arina dira baina hortik ere irten gara; zaila da piezaren bat nabarmentzea baina bi azpimarratuko nituzke. Lehena Sardos-k, sagardotegiko girora garamatzana eta, beraz, gure kulturarekin harreman zuzena duena, oso berezia dena. Eta, bestetik, Aupa Maurizia! azpimarratuko nuke; guztiz apurtzen du ohituta gaudenarekin, oso lasaia eta sentibera". Kontzertu amaieran oso hunkituta zegoen Lazkano: "Talde osoa egon da guztiz hunkituta, kontzertua izugarri bizitzen lehen segundotik azkenera. Halako trenak oso gutxitan pasatzen dira, eta amets bat litzateke errepikatu ahal izatea".