Oxirondo azokako postu finkoetako saltzaileek eraikin osoa hilabete oso batez ez ixteko "beste aukera bat" eskatu zioten: "Postu finkoetako negozioen eskaerei men eginez, azokako ezkerraldeko lanak hamabost egunetan egingo dira. Hala ere, egun horietan postu finkoetako negozio gehienek lanean jarraitu ahalko dute alternatiba berriak aztertu ostean", adierazi dute Udaletik.
Honako neurri hauek hartuko dituzte:
- Bixain harategia: karga eta deskarga gunean kokatuko da behin-behinean eta bezeroak normaltasunez atendituko ditu atzeko atetik (autobus paradaren ondoan dagoen azokako karga/deskargarako atetik).
- Izotz jaki izoztuak: azken hileetan goizez eskaintzen zuen zerbitzua eta obrak irauten duten bitartean ez du zerbitzurik eskainiko. Beraz, postu hau bi asteaz itxita egongo da.
- Ikuz garbitegia: normaltasunez eskainiko du garbitegi zerbitzua. Pertsiana zati bat itxita izango du, baina bestea, jendearentzako zabalik betiko sarrera-irteeratik.
Horrez gain, obrak irauten duten bitartean, asteazken eta larunbatetako baserritarrak ere azoka ondoan dagoen Oxirondo plazan salduko dituzte beraien produktuak.
Ainhoa Lete zinegotziak gogora ekarri du proiektuaren helburua: "Lan hauekin Oxirondo eraberritu nahi dugu, bergararrei espazio erakargarriago bat eskainiz eta erreferentzialtasuna bilatuz. Azokako solairu nagusiko eraberritze lanei bukaera emango diogu, eta asmoa da Elikaeneak hartu duen estetika berdintsua hartzea ezker aldeko postuetan ere, horrela azokaren irudia indartu eta bateratzeko”, adierazi du Ainhoa Lete zinegotziak.