Gaur egun hiru postu finko daude Oxirondon eta Elikaenea denda-topagunerako lanak hasi zirenetik postu ibiltariak eraikinaren atarian dagoen karpa erabili dezakete. Bereziki postu finkoetako saltzaileak dira Udalaren erabakiarekin ados ez daudenak. "Saltoki finkoetako merkatariekin, lehen sektoreko baserritarrekin eta Udalarekin bilerak egin ondoren, merkatua hobetzeko proiektu bat gauzatu da, zero kilometroko produktuen denda bat barne. Esku-hartze honetan merkatuaren zati bat urte erdi baino gehiago egon da itxita, eta itxi egin behar izan da arrandegia, baina ez erdialdeko gunea eta postu finkoak".
"Beste aukera bat" eskatzen dute
Udalari galdegin diote ea ez den beste aukerarik merkatu osoa hilabete itxi aurretik: "Gaur egun, jakinarazi digute nahitaez itxi egingo dela merkatu osoa, estetikoki egokitzeko. Horretarako, postu finkoak itxi egingo dira hilabete teorikoki eta mahaiak dauden erdiko eremutik irtengo dira. Nola ulertzen da erdiko eremua hustu behar dela postu finkoen frontean estaldura egiteko? Lanek ukitutako eremua mugatu ahal izanen da, mahaien funtzionamendu zentralean eraginik izan gabe. Postu finkoak hustu egin behar al dira fronteen estaldura bakarrik egiteko? Ezin al da postuz postu jardun, bakarka, postu finko bakoitza behar den denboran bakarrik itxiz? Ez dugu ulertzen zergatik itxi behar den merkatua eta itxi postu finkoak".
Udal Gobernuak, adierazpenik ez
GOIENAk Udal Gobernuarengana jo du azokako saltzaileen eskaera dela-eta, eta diote "oraingoz" ez dutela gaiaren gaineko adierazpenik emango eta saltzaileekin berriz ere batzartuta saiatuko direla arazoari konponbide bat ematen.