Aurrera begira, Bergarako Udaleko zinegotzi Markel Azkargortak azpimarratu du proiektu osoak hiru fase dituela eta bigarren faseko lanak 2024an zehar bukatzea dute aurreikusita. Hirugarren fasea 2025ean gauzatzea espero dute, Azkargortaren arabera; hori bai, hirugarren fase hori URA agentziarekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin adostutako hitzarmen baten menpe dago, eta Udalaren asmoa da Aldundiarekin koordinatzea Antzuola aldetik datorren zatia Bergarako herriguneraino hel dadin.
"Mugikortasun eredu jasangarriago" baterantz
Aldundiarekin elkarlana ezinbestekoa izango dela dio Azkargortak, eta gaineratu du Bergarako Udalaren helburu estrategikoetako bat dela "mugikortasun eredu jasangarriago bat" bultzatzea.
Herri barruko mugikortasunean eragiten jarraitzeko asmoa agertu du zinegotziak eta agintaldian zehar oinezkoei eta bizikletei lehentasuna emateko neurri gehiago hartuko dituztela adierazi du.