Lehen fasea Construcciones Artzamendi enpresak gauzatu du, 380.023 euroko aurrekontuarekin, eta egindako lanen artean daude espaloiak zabaldu eta oinezkoentzako pasabide adimendu bat jarri –oinezkoa antzematean argiztatzen dena– ikuspena eta bide segurtasuna hobetzeko.
Bigarren faseak lotuko du lehenengoaren amaiera gunea San Antonioko biribilgunearekin eta lan horietarako 350.000 euro aurreikusi dituzte. Lanok 2025 urtean bukatuta egotea nahiko luke Udalak.
Ondoren etorriko da hirugarren fase bat, Antzuolatik Bergarako herrigunera artekoa hain zuzen ere. Gipuzkoako Foru Aldundiak egin beharreko lanak dira eta horiekin koordinatu nahiko luke Udalak, Markel Azkargorta zinegotziak azaldu duenez: "Bidegorri honek herri arteko zein Antzuolarekiko konexioa hobetu nahi du, eta horretarako ezinbestekoa izango da erakundeon arteko elkarlana. Mugikortasun jasangarriago baten aldeko apustua egiten ari gara Bergaran, eta proiektu hau horren adibide bat gehiago da".