2024ko udal zergetan eta tasetan, %4ko igoera Bergaran

Jokin Bereziartua Lizarazu 2023ko urr. 24a, 14:53

2024ko udal zergek eta tasek %4ko igoera orokorra izango dute Bergaran, atzoko ezohiko osoko bilkuran onartu zenez. EH Bilduren proposamenaren aurka bozkatu zuen EAJk eta alderdi sozialistako Alberto Alonso ez zen bilkuran egon.

Ogasun zinegotzi Aitor Arantzabalek azaldu zuenez, azken bi urtetan tasak eta zergak Kontsumo Prezio Indizearen azpitik igotzeak, kalitatezko zerbitzuak emateko esfortzu gehiago egin beharra suposatu dio Udalari. Gorka Artola alkateak ere aipatu zuen, besteak beste, Udalak %5eko inbertsio gaitasuna galdu duela  eta ezinbesteko duela bere gaitasun ekonomikoa berreskuratzen joatea. "Udal Gobernuak 2024ko Ordenantza Fiskalen proposamena landu ostean, eta datu ekonomiko guztiak aztertu eta gero, gaur egungo egoerara eguneratzeko proposamena egiten du. Horretarako, kontutan izan ditugu: herritarren zein Udalaren egoera ekonomikoa, batetik, eta kalitatezko zerbitzuak emateko helburua betetzea, bestetik.

EH Bildu: "Gaitasun ekonomikoa berreskuratu beharrean dago Udala"

Horrez gain, Aranzabalek Udalak bere gaitasun ekonomikoa berreskuratzen joan beharra duela azpimarratu zuen: "Azken bi urteetan tasak eta zergak KPIren azpitik igotzeak, kalitatezko zerbitzuak emateko esfortzu gehiago egin beharra suposatu dio Udalari, eta iaz aipatu bezala, egoera apur bat egonkortu ahala Udalak bere gaitasun ekonomikoa berreskuratzen joan beharra du. Hau da proposamen honen arrazoia. Esan beharra dago 2022ko iraila eta 2023ko iraileko urte-arteko KPI %3,5ean dagoela", esan zuen Arantzabalek.

Igoera malgutzeko hobarien arloa ere landu dutela azpimarratu zuen EH Bilduk eta, besteak beste, merkatariei begirako hiru hobari berri iragarri zituzten.

Kiroldegiko abonuak eta ikastaroen tasak, %10 gora

Horrez gain, kiroldegiko abonuen eta ikastaroen tasa %10 igotzea arrazoitu zuten Agorrosin zerbitzuaren defizita gero eta handiagoa dela esanez. Honela azaldu zuen erabakia EH Bilduko eledun Maite Usabiagak: "Kostuaren igoera orain arte ez da horrenbeste bazkideengan, Udalak inbertsio garrantzitsua egin izan duelako. Hala ere, heltzen da une bat egoera hori jasanezina dena; datu esanguratsu asko daude baina Aitorrek [Arantzabal] eman duena azpimarratuko nuke: Agorrosinen auto-finantziaziorako ahalmena %86koa izatetik %53koa izatera pasatu da".

Bergaran erroldatuta ez daudenek, kuota bera

Agorrosinekin jarraituz, Bergarako Udalak ezin izango die tasa gehigarri bat kobratu Bergaratik kanpo bizi diren eta kiroldegia erabiltzen dutenei. Elgetar batek salaketa jarri zuen eta Auzitegi Gorenak uztailean emandako epaiak arrazoia eman zion herritar hori. Hala, sententzia onartu beharko du Udalak eta 2010etik kobratzen zuen %30eko tasa gehigarri hori ezingo du kobratu aurrerantzean. Udalari 14.000 euro inguru gutxiago kobratzea suposatuko dio; 2022an Agorrosingo defizita 800.000 euro ingurukoa zela aintzat hartuta, ez da galera oso garrantzitsua izango Udalarentzat.

EAJrentzat "gehiegizkoa" da igoera

EAJk proposamenaren aurka bozkatu zuen, igoera orokorra zein kiroldegiko tasen %10eko igoera gehiegizkoa dela iritzita. Mikel Letek zehaztu zuen zein zen jeltzaleen proposamena. "Igoera gehiegizkoa da gure ustez. Uste dugu tasa orokorretan %2,6ko igoera eta kiroldegiko abonuan eta ikastaroetan %5eko igoera aplikatuta Udalak bermatu ahalko zuela herritarrei kalitatezko zerbitzuak ematea. Are gehiago, foru funtsetik aurten baino 800.000 euro gehiago jasotzea aurreikusten direla jakinda".

Letek gaineratu zuen ez dela negoziazio handirik izan EH Bildurekin. Pare bat bilera egon direla baina planteamendu ezberdinen artean ez dela akordiorako tarterik izan; hala ere, aurrekontuei begira, EAJren proiektuek aurrera egin dezaten lanean jarraituko du oposiziotik, Leteren arabera.

PSE-EEren balorazioa

PSE-EEko Alberto Alonso ezin izan zen bilkuran egon baina ordenantza fiskalen gaineko balorazioa egin dio GOIENAri. Alonsok uste du "funtsezkoa" dela herritarren ekonomian tentsioa saihestea: "Ezin ditugu onartu KPIren batez besteko egoera aise gainditzen duten tasak. Gure proposamena, hasiera-hasieratik, bizitzaren kostua igo denaren inguruko igoerari eustea izan zen. Ez da demagogia, sozialistok helburu horri eustea lortu dugu gobernatzen dugun udal gehienetan. Bestalde, Gasteizkoa bezalako kasuak gogoratu nahi nituzke, non EH Bilduk aurkako botoa ematea erabaki zuen Udal Gobernuak proposatutako tasen azken eskaintza % 2,5ekoa zenean eta, hala ere, hemen guk batez beste %4ko babesa ematea eskatzen digute. Koherentzia funtsezko elementua da politikan".

Horrez gain, EH Bilduren negoziaziorako borondatea aitortu du Alonsok:  "Eseri eta hitz egin dugu. Hasiera-hasieratik jakin genuen akordioa ezinezkoa izango zela, baina eskertzekoa da gure proposamenak bateratzeko egindako ahalegina. Laster helduko da aurrekontuen negoziazioa, eta talde sozialistak proposamenak aurkeztuko ditu. Espero dugu oraingo honetan jarrerak hurbiltzea eta gobernuak aurkezten digun proposamena hobetzea".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak