EAEko Auzitegi Nagusiak erabaki du debekatzea erroldatuta dagoen batek eta ez dagoen beste batek zeukaten ezberdintasuna kiroldegirako sarrera ordaintzerakoan: "Udalerri batek, bere borondatez, legez behartuta ez dagoen zerbitzu bat ematea aukeratzen duenean, nahitaez ematen dutenen baldintza berberetan egin behar du, eta ezin izango du justifikaziorik gabeko diskriminaziorik egin beste udalerri batzuetan erroldatutakoentzat". Beraz, hemendik aurrera, kirol-esparruetako erabiltzaileek ez dute erroldatuta dauden herriaren arabera prezio ezberdina ordaindu beharko.
Udalaren argumentua
Bergarako Udalak bertan erroldatuta daudenei emandako hobaria justifikatzeko adierazi du horiek "zerbitzua bi bidetatik" ordaintzen dutela, dagozkien tasak ez ezik "udal-zergak ere" ordainduko lituzketelako. Hala ere, auzitegiak dio ezin duela onartu argudio hori: "Kontuan izan behar dugu udal-zergak ez dituztela udalerri horretan erroldatutako pertsonek bakarrik ordaintzen. Eta, horrela, sarritan egoten dira erroldatuta ez dauden udalerri batean zergak ordaintzen dituzten bizilagunak: negozioren bat dutelako, higiezin bat dutelako edo bertan egoten den ibilgailu bat dutelako. Bada, pertsona horiek, udalaren kirol-instalazioak erabiliz gero, erroldatutakoei eskatzen zaiena baino prezio handiagoa ordaindu beharko lukete".
Neurriak hartzen
EAEko auzitegiaren erabakiaren ondorioz, hasi dira neurriak hartzen udalerrietan. Aretxabaletan, esaterako, proposatu dute sarreraren prezioa %7,6 igotzea "diru sarrera kopurua mantentzeko". Arrasaten ere egin dute tasak onartzeko osoko bilkura, eta Bergaran datorren astean egingo dute. Hasiera batean, Agorrosingo kiroldegiko abonuen zein bertan ematen diren ikastaroen prezioa %10 igotzea proposatuko du udal gobernuak.