Historia egiteko puntu bakarra behar dute

Jokin Bereziartua Lizarazu 2023ko mai. 17a, 17:15

Euskal Ligan diharduen BKEko gazte mailako taldeak puntu bakarra behar du domekan UDAren aurka jokatuko duten derbian Liga Nazionalerako igoera lortzeko; Bergara ez da sekula maila horretan egon: "Azken urratsa egin behar dugu lorpen historiko baterako".

Bergarako gazte mailako futbol taldea lorpen handi baten atarian dago. Iaz Ohorezko Erregional Mailatik Euskal Ligara igo zen taldeak aukera asko ditu berriro ere maila igoera lortu eta datorren urtean Liga Nazional Mailan jokatzeko. Domekako UDAren aurkako derbian erabakiko da dena (Agorrosin, 16:00etan).

Belaunaldi berezi bati esker

Giro berezia nabaritzen da egunotan Agorrosin futbol zelaian gazte mailako taldearen bueltan. Eta ez da gutxiagorako, Euskal Ligako azken partidua jokatuko dutelako domekan eta puntu bakarra lortuta ziurtatuko luketelako datorren urtean Liga Nazional Mailan jokatzea. Joan den asteburuan espero zuten igoera ziurtatzea, Gasteizko Ariznabarraren aurka, baina 4-3 galdu zuten. Berdinketa nahikoa zitzaien helburua lortzeko eta oso gertu izan zuten, baina, azkenean, ez zen posible izan.

Hori bai, denboraldian sentsazioak oso onak izan dira hasieratik. "Hasieratik oso sentsazio onak izan ditugu, eta, oker ez banabil, denboraldi guztia daroagu lehen hiruen artean sailkatuta. Ez nuen zalantzarik belaunaldi berezi honekin zerbait handia egin genezakeela. Pena izan da azken partidura arte ez dugula igoera ziurtatu; azken urratsa egin behar dugu lorpen historiko baterako", dio taldeko entrenatzaile Iñaki Mardarasek.

Presioa arintzen saiatu

Taldeari presioa kentzen saiatzea izango da erronka nagusia domekara begira, Mardarasek badaki-eta ilusiorik eta gogorik ez zaiela faltako jokalariei. Badakite herriko futbolzaleak gertutik jarraitzen ari direla taldearen jarduna, eta hori ere bada presio erantsi bat: "Azken bi hilabeteak luzeak egiten ari zaizkigu. Igotzeko aukera hori buruan dugu etengabe eta kalean ere asko galdezka ari dira. Polita bezain zaila da egunerokotasunean eramateko".

Jokalariak, "ilusioz gainezka"

Jokalarientzat esperientzia bikaina ari da izaten. Iaz Ohorezko Erregional Mailan jaun eta jabe izan ziren eta aurten Euskal Ligan ere hasieratik izan dira igoera postuetan. Domekara begira irrikaz daude, Iker Etxaniz kapitainaren arabera: "Partidu oso berezia izango da, gogo handiz eta ilusioz gainezka gaude. Ea igoera lortzen dugun. Familia bat gara, oso harreman ona dugu aldagelan, eta hori gero igarri egiten da jokatzeko orduan".

Domekan Agorrosin futbol zelaiko harmailak betetzeko dei egin diete herritarrei

Lehen hiru sailkatuak igoko dira

Puntu bakarra nahiko zaie bergararrei igoera ziurtatzeko, baina irabaztera irtengo dira; domekakoa derbia da eta badakite UDAk ez diela ezer oparituko. "Partidua irabaztera irtengo gara domekan. Badakigu UDAk zail jarriko digula; pena da aretxabaletarrek azken partiduan galdu egin zutela eta ez dutela igotzeko aukerarik... Baina badakigu derbi bat dela eta beti dagoela partidu horiek irabazteko gogoa; elkar ezagutzen dugu eta lehia berezi hori beti dago hor. Guk gurea egiten badugu, mailaz igoko gara, Leioak eta Añorgak egingo dutenari begiratu barik".

Lehen hiru sailkatuak igoko dira mailaz; lehena den Gernikak ziurtatu du igoera (72 puntu), Leioa (67) da bigarren, Bergara (66) hirugarren eta Añorga (64) laugarren. Añorgak Leioaren aurka jokatuko du eta Bergarak, Añorgaren kontrako bi partiduak irabazi ostean, puntuetan berdinduz gero abantaila izango lukete mahoneroek; 67 puntu nahikoa izango lirateke, beraz, datorren urtean Liga Nazionalean jokatzeko.

UDAk lortu zuen, 2009an

Horregatik, UDAren aurka gutxienez puntu bat lortzea beharrezkoa izango da. Hain zuzen ere, Aretxabaletakoa izan zen Debagoieneko azken taldea Liga Nazionalerako igoera lortu zuena. 2008-2009ko denboraldian izan zen, orduan ere belaunaldi berezi bat irten zelako Aretxabaletan, eta bi denboraldiz egon ziren maila hartan. Orain, Bergarari dagokio historia egitea; horretarako, BKEk dei egin die bergararrei domekan Agorrosingo harmailak bete ditzaten.

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak