Bergara Kirol Elkarteko Goizper Group saskibaloi taldeak denboraldiko zitarik garrantzitsuena izango du domekan Labegaraietako kiroldegian (16:00). Senior mailako Gipuzkoako bigarren probintzial mailatik lehen mailarako igoera bermatu dute, azken hamabi partiduetatik hamar irabazita sailkapeneko lehen postuan daude-eta bergararrak. Bada, etzi, finala jokatuko dute, Lasarteko Ostadar taldearen aurka, ligako txapelduna zein izango den zehazteko.
Taldea moldatu beharra
Alex Familiarrek, Fernando Juaristik eta Iñaki Ugarteburuk hartu zuten taldea zuzentzeko ardura duela lauzpabost urte. Familiarrek dio oso ondo ulertzen dutela elkar eta hori gero nabaritu egiten dela talde barruko harremanetan, baita emaitzetan ere. Finalera begira, lesioek eraginda, taldea moldatu egin beharko dutela dio: "Lesio garrantzitsuak ditugu eta partidu oso gogorra izango da, baina izango ditugu gure aukerak. Amaieran hainbat garaipen pilatu ditugu, baina oso gogorra izan da denboraldia. Lesioak eta beste arazo batzuk direla-eta ez da denboraldi erosoa izan, baina amaieraz, behintzat, asko ari gara gozatzen". Hurrengo urteko erronka berrirako gogotsu dago taldea; betiere, gutxieneko jokalari kopurua izango balute.
Animatzeko deia zaleei
Martitzenean Mariaren Lagundiko kantxan egindako entrenamenduan –astean behin bakarrik entrenatzen dira Labegaraietan–, taldeko kapitain Marina Juaristik aipatu zuenez, oso jende gutxi joan ohi da nesken saskibaloia ikustera. Finala izanda, taldekide guztiek dei egin diete saskibaloi-zaleei Labegaraietara joan daitezen animatzera.