Bergarako auzoetako adineko bizilagunek ez zuten uste gazteen inplikazioa nahikoa zenik; orain, ostera, bestelako iritzia dute. Gorka Buruaga egitasmoaren antolatzaileetako batek azaldu du Uberan elkartu zirela lehenengo aldiz gaiaren gainean hausnartzeko. Bertan mamitu zen Auzuak ala hil egitasmoa. "Auzoko pertsona nagusiek esaten zuten gazteek ez zutela parte hartzen auzoan bertan gauzak antolatzerako orduan. Hala, zerbait antolatzea pentsatu genuen, eta gainerako auzoetakoekin ere jarri ginen harremanetan, arazo berdintsuak izango genituela pentsatuta", dio Buruagak. Hori izan zen abiapuntua.
Auzoa bera eta auzotarren arteko harremanak indartzea ditu helburu proposamenak. Horretarako, eskaintza zabala prestatu ohi dute, festa giroan. Egunak gozamenerako eta elkarrengandik ikasteko aukera ematen diela azaldu du Buruagak: "Egunean bertan ikusten da auzoan energia berria sortzen dela; beste auzo batzuetako jendea etortzeak ere eragiten du". Horri jarraituz, ekimenak arrastoa uzten duela ere gaineratu du: "Jendea oso pozik etortzen da. Horren adierazle da, gaur hemen gaudenon erdia baino gehiago Osintxutik etorri direla autobusean". 100 lagun inguru batu dira gaurko egunean Elorregin.
Hurrengo edizioa 2025ean egingo da. Oraindik ez dute erabaki zein auzok hartuko duen Elorregiren lekukoa; bi aste barru egingo dute bilera.
Egitarau oparoa
Triki-poteoarekin hasi da eguna 11:00etan, eta 12:00etan bisita gidatua egin dute. Bazkariaren ostean, bertsoak eta jolasak izan dira giro apartean, eta kalejira ere egingo dute iluntzean. 20:30ean, bokata-afaria egingo dute eta ordubetera Arima Galduak, Lukiek eta Lizartxo taldeen eta DJ Fresa Morangoren kontzertuen txanda izango da.
Zozketako sarituak
Rifen zozketa ere egin zuten, eta honakoak izan dira sarituak:
- 1.611
- Bazkarian bertan irten da
- 325