Atzo eman zieten hasiera jaiei Elorregi auzoan, txopo-jasotze, etxafuego eta kanpaiekin, eta domekara bitartean iraungo du festak. Gaur arratsaldean, meza eta afaria egingo dituzte; domekan, berriz, meza, 10:30ean; eta ordubete geroago, Bergarako pilotarien partidak eta dantzarien saioa izango dira ikusgai. 14:30ean, bazkaria egingo dute, Alkartasuna elkartean. Antolatzaileen esanetan, auzoko nagusientzat izango da, "aspaldi ez baitira elkartu".
Alabaina, zapaturako egun berezia prestatu dute: Auzuak ala hil, auzoek bizi duten egoera zailaren berri eman eta haien arteko harremanak indartzea helburu duen ekimena. Pandemia ostean egiten den bigarrena da –Osintxun egin zuten iaz–. Auzoaren gaineko ezagutza, musika eta bazkariaren bueltan antolatzen dute eguna, eta horren garrantzia azpimarratu dute
antolatzaileek: "Landa-eremuko betiko informazioa galtzen doala uste dugu. Herrian bertan dauden kultur ondareak edo historikoki garrantzitsuak izan diren istorioak, ohiturak... gehiago mantentzen dira. Uste dugu nagusiei auzoaren gainean galdetu behar diegula, eta halako egunetan plazara ekarri nahiz ezagutzera eman, etortzen den orok jakin dezan. Bazkariak eta dantzak ere kulturatik gertu daude eta gozamenetik asko ikasten da".
Bisita, bazkaria eta kontzertuak
Triki-poteoarekin hasiko da eguna, 11:00etan, eta 12:00etan, Sanprubusaren inguruan elkartuko dira auzoko bisita gidaturako. Baserrien, auzoko zubien, erroten eta elizaren jatorri eta anekdotak izango dira mintzagai: "Tavesa dagoen lekura ere joango gara. Fabrika egiteko auzoko baserririk handienetakoa bota zuten, eta bertako istorio batzuk ere ezagutuko ditugu". Elkartean jarriko duten erakusketarekin amaituko da bisita. Duela bizpahiru urte, Elisabet Altuna auzotarrak auzoko "baserri guztiak" margotu zituen, eta koadroak egongo dira ikusgai.
Antolatzaileek aurreratu dutenez, 100 pertsona inguruk eman dute izena bazkarirako. "Pozik" agertu dira izandako erantzunarekin, jaia egunez aldatuta ere jendea animatu delako –maiatz edo ekainean egin izan da–. Bazkalostean herri jolasak egin ondoren, 19:00 aldera, Elorregiko geltokira egingo dute kalejira, ordu horretan zabalduko baitute txosna. 20:30ean, bokata-afaria egingo dute. Aurten, Bergarako Sareko kideek prestatuko dituzte, eta ogitartekoen bidez ateratzen den etekina eurentzat izango da. 21:30ean hasita, Arima Galduak, Lukiek eta Lizartxo taldeen eta DJ Fresa Morangoren kontzertuek girotuko dute gaua.
Ekimena, bi urtean behin
Hurrengo Auzuak ala hil zein auzotan egingo duten zapatu arratsaldean zehaztuko dute. Ez dute aurreratu non izango den, baina adierazi dutena da urtero egitetik bi urtean behin egitera pasako dela, antolatzaileek hala erabakita: "Ikusi da antolatze aldetik larregi dela urtero egitea. Auzo guztietako bizilagunak aritu gara lanean. Aurreko astean egin genuen azken bilera, eta, hainbat arrazoirengatik, erabaki zen urtero egin beharrean bi urtean behin izatea".
Autobusean joateko deia
Auzora joateko autobusa erabiltzeko dei egin dute. Azaldu dutenez, Elorregiko geltokiko aparkalekuan jarriko dute txosna, eta, hortaz, autoek ezin izango dute aparkatu: "Orain daukagun geltokitik autobus mordoa igarotzen da Oñati, Bergara eta Eskoriatzaraino joateko. Bergaratik eta Oñatitik jendea etortzea espero dugu, eta, autobusean etortzen badira, hobeto. Gainera, ordu txikitan erosoena autobusa hartzea dela uste dugu".
Ernai kaleak baditu bere jaiak
Bergarako Ernai kalean festak ospatuko dituzte lehen aldiz maiatzaren 6an eta 7an. Hamar bizilagun inguruko taldea aritu da jaiak antolatzen uda ostea ezkero, eta, adierazi dutenez, herri mailan geroz eta auzo gehiagotan jaiak antolatzen zirela ikusi zutelako eurenak sortzea erabaki zuten. Gogotsu daude, baina, aldi berean, eguraldiari begira, aterperik gabeko kalea baita. Dena den, Udalari karpak eskatu dizkiote dagoeneko, badaezpada.
Egitarau betea antolatu dute bi egunetarako. Maiatzaren 6an, crossfit erakustaldia egingo dute. Ernaitxo da festetako irudia, zimitz berdea. Antolatzaileen esanetan, halako "ugari" egoten dira etxeen azpian, eta hortik hartu dute ideia. Hortaz, bizilagun batek gantxilloz egindako Ernaitxok lehenengo aldiz egingo du jaitsiera eguerdian. Herri jolasen ostean, txomingero bazkaria egingo dute –bakoitzak bere bazkaria eraman beharko du–. Arratsaldean – baita domeka goizean ere–, buruhandiak eta haurrendako ekintzak izango dira protagonista, eta 19:00etan, Azkaiter Pelox taldearen txanda izango da. Domekan, aldiz, ibilaldi neurtua egingo dute (10:30). Eguerdian odoloste eta txorizo pintxoak emango dituzte euro baten truke eta Camdem Town-ek adin guztiei zuzendutako zumba saioa eskainiko du. Ibilaldi neurtuko sari banaketekin eta billeteen zozketarekin amaituko dira festak.