Ekitaldi motza baina betea izan da Miren Arregi kazetariak aurkeztu duena. Amurizak bertsogintzaren ibilbidean eginiko urratsak omendu dituzte. Hala, Bergarako Kopla Barik bertso-eskolako Unai Arantzabal, Enaitz Alustiza eta Gari Lopez de Muniainek bertsotan egin dute, baita Maialen Lujanbiok ere, gaur egungo Euskal Herriko bertsolari txapeldunak.
Gero, Gorka Artola Bergarako alkateak eta Olaso Dorrea Fundazioko lehendakari Iratxe Esnaolak ere hartu dute berba eta, haien hitzartzea bukatzean, Amurizari oholtza gainera igotzeko eskatu diote. Hark, hunkituta, saria jaso izana eskertu die guztiei eta "pozik" hartu duela aitortu du: "Nola ez dut ba onartuko? Sari ederra da". Ondoren, poema bat eta hainbat kopla abestu ditu.
Sorpresa moduan, Korrontzi taldeko Agus Barandiaran ere Seminarixoan izan da eta biek elkarrekin egin dute kantuan. Azkenik, talde argazki bat atera eta Euskal Herrian Euskaraz abestuta borobildu dute ekitaldia.