Xabier Amurizak jasoko du III. Monzon-Ganuza Saria

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2023ko ots. 15a, 14:51

Martxoaren 16an egingo da sari banaketa Bergarako Seminarixoan, eta Amurizak bertsogintzaren ibilbidean eginiko urratsak omenduko dituzte. Horrez gain, baita "herriarekiko izan duen konpromisoa" aitortu ere.

Xabier Amurizak jasoko du III. Monzon-Ganuza Euskal Utopikoei Saria, "Euskal Herriari, euskal kulturari eta euskarari ekarpen oparoa" egin diolako, Iratxe Esnaola Olaso Dorrea Fundazioko lehendakariak eta Gorka Artola Bergarako alkateak gaur eginiko aurkezpenean jakinarazi dutenez.

Haien arabera, 1980ko hamarkadan "berritasun handia" ekarri zion Amurizak bertsogintzari, eta "seguru aski, ezinezkoa" da egungo bertsolaritza modernoa bere ekarpena kontuan izan gabe ulertzea. "Hizkerak, irudi eta metafora mundu poetikoaren erabilerak, eta, oro har, bertsoak egituratzeko moduak, iraultza suposatu zuten bertsolaritzan".

Bertso eskoletan eragin zuen "iraultza" ere nabarmendu dute, helduentzako lehen eskoletan erabilitako ikas-materiala gogoan izanda; izan ere, Amurizak sortuak dira Zu ere bertsolari eta Hiztegi Errimatua. Hala, erantsi dute bertsolaritza ikasi zitekeela erakutsi zuela, "etorkizuneko bertsolari belaunaldien segida ziurtatuta geldituz".

Euskal kulturari ekarpena

Bertsolaritzan eginiko urratsak aski ekarpen dira euskal kulturarentzako, baina Artolak eta Esnaolak azpimarratu dute nabarmena dela "urte latzetan herriarekiko azaldutako konpromisoa" ere. "Gogor apaizen mugimenduaren bultzatzailea izan zen frankismoan eta Derioko eta Bilboko apezpiku etxean egindako entzierroetan egon zen".

Horrez gain, adierazi dute politikan ere "herriarekiko konpromisoa" erakutsi zuela, eta hala nola, Zornotzako Udaleko zinegotzia, Bizkaiko Batzar Orokorretako batzarkidea eta Eusko Legebiltzarreko legebiltzarkide izan zela Herri Batasunarekin.

Sari banaketa

Martxoaren 16an jasoko du saria Amurizak Bergarako Seminarixoan, 18:30ean, eta era horretan, ekimen honen hirugarren aldia ospatuko dute. Izan ere, Monzon-Ganuza Saria 2021ean sortu zuten, Telesforo Monzonen heriotzaren 40. urteurrenean. Hala, helburu du Euskal Herriari, bere kulturari, hizkuntzari, historiari eta etorkizunari bizitza osoko lana eskaini dioten bergararrak zein Bergaraz gaindiko herritarrak omentzea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak