Urtarril amaierara arte ikusgai hondakin jasangarrien gaineko erakusketa Laboratorium Museoan

Monika Belastegi Aranzabal 2022ko abe. 26a, 11:36

Hondakin jasangarriak. Fikzioa ala errealitatea? du izena Bergarako Laboratorium Museoan ikusgai dagoen erakusketak eta ekodiseinuaren kontzeptua eta haren aplikazioak jartzen ditu mahai gainean. Gaur, astelehena, eta bihar, martitzena, bisita gidatuak egongo dira eta eman daiteke izena.

Urrian abiatutako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza jardunaldien zortzigarren aldiaren baitan kokatzen da erakusketa. Laboratorium Museoa, Bergarako Udala eta Enpresare elkartea dira jardunaldion sustatzaile nagusiak, erakunde ugariren babespean, eta aurten jasangarritasuna aukeratu dute gai nagusitzat.

Erakusketa ikusgai dago urtarrilaren 31ra arte, Laboratorium Museoko (Errekalde jauregia) aldi baterako erakusketen gunean, astelehenetik larunbatera, 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara; eta igandetan, 10:00etatik 13:00etara. Gaur eta bihar, gainera, bisita gidatuak egingo dituzte: gaur, astelehena, 17:00etan (gazteleraz) eta bihar, martitzena, 11:00etan, (gazteleraz) eta 17:00etan (euskaraz). Prezio arrunta 4 euro dira. Lekua hartzeko deitu: 943 76 90 03 zenbakira.

Beste eredu baten beharra

Seinale askok uzten dute agerian bizimodua dagoeneko ez dela jasangarria: klima-aldaketa, kutsadura-tasak, baliabideen gehiegizko ustiapena, ur-eskasia... Hortaz, erakusketak agerian laga gura du guztiok lehenbailehen hartu behar dugula geure gain eredu berri baterako trantsizioa; birziklatzean, berrerabiltzean, konpontzean eta berreskuratzean oinarritutako eredu baterako trantsizioa erronka eta betebeharra da guretzat.

Birziklatutako eta berrerabilitako etxeko hondakinetan zehar egindako sarrera-bidaia gisa planteatu da erakusketa, erakutsi nahi baitu posible dela ingurune naturala errespetatzen duen ekoizpen eta kontsumo-eredu alternat¡bo batera aldatzea. Berreskuratzeaz, berritzeaz eta konpontzeaz hitz egiten du erakusketak, ideia bakoitza areto batean landuta.

Hiru aretoan banatuta

Lehen aretoan proposatutako ibilbidean, Industria iraultzaz geroztik gizakiok oro har erabili dituen hiru ekoizpen-sistemak jaso dituzte: ekoizpen linealeko sistema, birziklapena eta ekonomia zirkularra. Aurkezpen horretan, sistema horien arteko desberdintasunak ulertzeko o¡narrizko gakoak aurkitu daitezke, hain zuzen ere, manipulazio-jokoen bidez, eskema grafikoen bidez eta Ellen MacArthur Fundazioak utzitako ikus-entzunezko baten bidez.

Bigarren aretoan, prozesu eta estrategia desberdinak erabiliz birziklatu eta berrerabil daitezkeen si hondakin-mota aurkezten dira. Hor ikusiko da, pneumatiko zahar batek, jaka hautsi batek edo egunero janaria prestatu ondoren geratzen den olio erabiliak beste bizi-ziklo bat izan dezaketela, beste produktu batzuk fabrikatzeko lehengai gisa. Hondakinen ahalmena izugarria dela, azken batean.

Hirugarren aretoan, Euskadin izandako enpresa-ekimen arrakastatsu batzuk jaso dituzte. Batzuk oso gazteak eta berriak dira, eta beste batzuek, berriz, mende eta erditik gorako historia dute, eta gai izan dira birziklapenean eta ekonomian bide emankorra aurkitzeko, garapen ekonomikoa eta jasangarritasuna bateragarri egiten dituzten etorkizuneko proposamenak garatu ahal izateko.

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak