Aho batez onartu zen, era berean, Bergarako Udala sustatzaile eta udalbatza bera arigune izatea azaroaren 18tik abenduaren 2ra egingo den Euskaraldian.
Mozioei dagokienez, Nabarraldek mozioa aurkeztu zuen Bergaran ikurrina dagoen lekuan Nafarroako ikurra behin betiko jar dadin. Izan ere, gaur betetzen dira 500 urte Nafarroako Erresumaren azken gotorleku izan zen Amaiurko gaztelua erori zenetik. EH Bilduk bat egin zuen mozioarekin; EAJk zein alderdi sozialistak kontra bozkatu zuten.
Bigarren mozioa EH Bilduk aurkeztu zuen, osasun sistema publikoa indartzea eskatzeko. Mozio horri alternatibo bat aurkeztu zioten EAJk eta PSEk; EH Bildurenak egin zuen aurrera.
Larrialdi klimatikoari aipamena PSE-EEren eskutik
Alonsok aipamena egin zion bilkura amaieran larrialdi klimatikoari, azken asteotan izan diren tenperatura itogarriak eta suteak azpimarratuz. Besteak beste, suteei aurre egiten ari diren profesionalen lana ere goraipatu zuen: "Errekonozimendua merezi dute Euskadiko profesional handiek, suteei aurre egin dietenak eta egiten dietenak. Beste behin frogatuta geratu da sistema publikoa hor dagoela eta herritarrei balio diela".