Ikurrina eta Nafarroako bandera biak direla euskalnafarren ikur aldarrikatu gura izan dute Nabarraldeko debagoiendarrek eta honako mezua helarazi gura izan diete herritarrei:
"Uztailaren 18ko Udal Osoko Bilkuran onartutakoa betez, plazan ikurrina eta Nafarroako bandera igotzean, Bergarako herriari:
Sufritu ditugun eraso eta konkista guztien ondorioz, mende batzuk geroago, bakarraren lekuan, euskaldunok bi bandera ditugu: nafarra eta ikurrina.
Zoritxarrez, gaur egungo lurralde zatitu hauetan harrera desberdina dute. Euskal Autonomia Erkidegoan ez da ohikoa bandera nafarra erakustea. Ikurrina da ‘ofiziala’ eta, askoren ustez, nafarra Nafarroako Foru Erkidegokoa omen da soilik. Gu ez gara zatiketa autonomikoaz ari baina. Eta, gainera, ikurren ofizialtasuna herriaren erabileratik eratortzen dela pentsatzen dugu.
Zein esanahi dauka bakoitzak? Naziotasuna, euskara, euskal estatu independentea, askatasun egarria, erresistentzia, burujabetza… Bakoitzak bere iritzia eta emozio zirrarak izango ditu, baina ikurrina eta Nafarroaren gorria, biak ala biak, euskalnafar guztiok abaroan hartzen gaituzten ikurrak dira.
Gogora dezagun, 1200 urtean bortxaz konkistatu gintuzten arte, bergararrok ere nafar estatuaren baitan izan ginela. Eta, horregatik, bada, bat izan ginelako, garelako eta izango garelako batzen ditugu parez-pare Euskal Herrikoak, Nafarroakoak, diren ikur biak Bergaran gaur, 2022ko uztailaren 19an, Amaiurko gazteluan Espainiako erregearen tropa inbasoreari aurre egin zioten erresistente euskalnafarrek –ahiturik eta indarrez gainditurik– etsi behar izan zuten bosgarren mendeurrena betetzen den gaurko egun honetan.
Ikurrina eta Nafarroakoa goiburu, mendez mende euskalnafar guztion alde: negarra, izerdia eta odola eman duten emakume eta gizonei betiko argia!!"