Lehenengo partiduan, Egigurenek bere ezker eskuarekin jazarri du une batzuetan Zubizarreta, baina honek ondo eutsi dio eta 19na egin ostean erreskadan egin ditu azken hiru tantoak. Tanto eder askoak eta norgehiagoka parekatua eskaini dute hasieratik bukaerara arte. Bien anaia nagusiak profesionalak izanik, pilotazaleak ez dira harritu gazteek kantxan erakutsi duten mailaz.
Sorpresa seniorretan
Zortzi pilotarik parte hartu dute promesen kategorian eta beste zortzik seniorretan. Final horretara Eneko Labaka eta Aitor Alduntzin sailkatu ziren, baina Alduntzinen lesioa dela eta Gaizka Carregalek jokatu du haren partez. finalaurrekoetan galdu egin zuen Alduntzinen aurka, eta presiorik gabe iritsi da finalera, baita irabazi ere.
Eneko Labaka tolosarrak Ander Murua arrasatearra kanporatu zuen finalaurrekoan, partidu bikaina bat egin ostean. Finalean urduri atera da kantxara ordea, eta hasieratik hartu dio aurre aurkariak. Markagailu 22 eta 16an geratu da azkenean. Carregal galdakoztarrak patxada handia erakutsi du neurketa osoan zehar, defentsan segurtasuna erakutsiz, eta aurkaria urduriago zegoela baliatu du Soraluce torneoko txapelarekin egiteko.
Finalistek nabarmendu dute gustu handiz jokatu dutela txapelketa, kaiolako modalitatean aritzeko aukera larregi ez baitute izaten normalean. Pilotazale bergararrek gozatua hartu dute Pentekosteen testuinguruan egiten den txapelketa bertatik bertara jarraitzen. Dena ondo joanez gero, datorren urtean XIII. aldiz antolatuko dute torneoa Soraluce enpresak, Bergarako Udalak eta Bergarako Kirol Elkarteak.