Egitarau zabala antolatu dute jaietarako eta dagoeneko dena prest dago. Barrakak dagoeneko zabalik daude, eta bidaia merkeagoa izango da ekainaren 6an goizez eta 8an egun osoz. 2,20 euro balio du, oro har, barraketako bidaiak, baina aipatutako bi egunetan, 1,30 eurotan egin ahalko da bidaia.
Zezen-plaza ere gertu dago besteak beste zapatu arratsaldeko errekortadoren txapelketa eta astelehenean egingo dituzten kuadrillen arteko XII. Olinpiadak hartzeko. Eta aurten Oxirondon, Santa Marina parrokiaren alboan egongo den txosnagunearen muntaketa lanak ere aurreratuta daude.
Aipatu, era berean, Bergarakoak izan ez arren Pentekoste jaiez gozatu gura dutenentzat gaueko autobus zerbitzu bereziak egongo direla ekainaren 3an eta 4an.
Zuzenekoak Goienan
Pentekosteetako hainbat ekintza Goiena telebistan eta Goiena.eus-en zuzenean jarraitzeko aukera ere egongo da.
Bihar, arratsaldeko zazpietan hasiko den Hemen Debagoiena saio berezian zuzenean ikusi ahalko dituzue Aspacekoen txupinazioa eta Bitorianatxoren jaitsiera eta zapatuko errekortadore txapelketa eta asteleheneko olinpiadak ere eskainiko ditu Goienak.