Maiatzaren 21ean amaituko zaio futbolaren abentura Agorrosingo belar naturalari

Jokin Bereziartua Lizarazu 2022ko mai. 19a, 16:06

Urolaren kontrako partiduan agurtuko du BKEk Agorrosingo belar naturala; zapatuan, hilak 21, 12:00etan. Talde profesionalez harago, Gipuzkoan, Hondarribia, Oiartzun, Zarautz, Azpeitia eta Azkoitia dira belar naturaleko bakarrak; bereziki espazio beharrak eraginda jarriko dute zelai berria. Partidu aurretik Vanesa Gimbert omenduko dute eta atsedenaldian Mahonero Sariak banatuko dituzte.

Maiatzaren 21ean jokatuko da azken partidu ofiziala Agorrosingo belar naturalean. Bergarak Urola hartuko du Ohorezko Erregional Mailako azken jardunaldian (12:00), eta, belar naturaleko azken partidua izateaz gain, beste osagai batzuk ere izango ditu zitak: Athleticeko jokalari Vanesa Gimbert bergararrari omenaldia egingo zaio partidu aurretik eta atsedenaldian Mahonero sariak banatuko dituzte.

100 urtetik gorako historia

100 urtetik gora dituen belar naturaleko zelaiari –udal artxiboan dagoen argazki zaharrena 1920koa da– heldu zaio agurtzeko ordua, beraz, eta bizitzaren zati handi bat Agorrosoni lotuta egin duten lagun batzuekin egon da GOIENA. Gipuzkoako futbol federazioko presidente Manu Diaz da horietako bat: "Bergararentzat oso albiste ona da aldaketa, eta baita Gipuzkoako futbolarentzat ere. 400 jokalari ditu taldeak, ezin da erabili entrenatzeko, oso garestia da mantenurako, ez dago argindarrik eta neguan oso goiz jokatu behar dira partiduak... Egungo belar artifiziala urte osoan erabil daiteke, jokalarien formaziorako aproposa da, mantenua nabarmen merkeagoa... Hori bai, pena handia ere ematen du; une asko azpimarratuko nituzke, adibidez, lehen eta bigarren taldeekin lortutako bi igoerak, neskekin Realari penaltiz irabazi genionekoa, semeak 16 urterekin Imanol Aguacilek gidatzen zuen Gipuzkoako gazte mailako selekzioarekin jokatu zuenekoa...".

Vanesa Gimbert omenduko dute eta 2022ko Mahonero Sariak emango dituzte maiatzaren 21ean

Bartzelona galtzaile Agorrosinen

100 urtetik gorako historian hainbat une berezi bizi izan dira Agorrosinen; adibidez, 1964ko Espainiako gazte mailako txapelketan Bergarak Bartzelona gainditu zuenekoa (2-1). Carles Rexach zegoen, besteak beste, orduko Barça hartan eta kataluniarrak irabazten hasi arren, Pablo Gallastegi Pablito-ren eta Javier Garateren gol banari esker Bergara irten zen garaile.

Hasierako hamaikakoa honako hauek osatu zuten partidu historiko hartan: Angel Iñarra (atezaina), Enrike Olabide, Iñaki Akizu, Luis Abajo, Jesus Irizar Pardina, Agustin Arantzabal Gaztelu, Javier Lete, Juanito Juaristi, Javier Garate, Pablo Gallastegi Pablito, Juan Antonio Igarza eta Julio San Vicente. Bergarak inoiz izan duen talderik onena izan zen 1947an jaiotako urrezko belaunaldi hura; pandemiagatik bi urtez ezin elkartu ostean Madura elkartean batu ziren bazkaltzeko, martitzenean. "Asko falta dira mahai honen bueltan, asko maite ditudan lagunak eta arrasto handia utzi dutenak, baina halakoa da bizitza... Ahal dugun heinean urtero elkartuko gara", adierazi du, erabat hunkituta, Luis Abajok. Mahai horren bueltan esertzea besterik ez dago BKEn jokatu zituzten urteak oso presente dituztela ohartzeko. "Oso garai politak izan ziren... Jokalari handiak genituen taldean, gerora Lehen Mailan jokatu zutenak; baina, bereziki, lagun talde berezia gara. Ea urtero elkartzen jarraitu dezakegun!", dio Javier Garatek.

Liga amaiera, jaialdia eta obrak

Zapatuan amaituko da liga eta obrak ez dira ekaineko hirugarren astea baino lehenago hasiko –ekainaren 10ean eta 11n Ekinez musika jaialdia egingo da zelai horretan–. BKEko presidente Iosu Elorzak espero du 2022-2023ko denboraldiko lehen jardunalditik ez bada, urrirako Agorrosin eta Ipintza erabilgarri izatea: "Ilusio handiarekin gaude, ea dena ondo doan".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak