Udarako aurreikusita dauden berritze lanen aurretik, baloi, zutoin eta sareak alboratu eta oholtza, anplifikadore eta gitarraz beteko da Agorrosin futbol zelaia. Herriko musikari eta musikazaleek antolatuta, Ekinez jaialdia egingo da ekainaren 10 eta 11an.
Punk, rock eta Oi! musikak izango dira jaialdiaren muina, eta "Euskal Herriko musika eszena alternatiboari dagokion espazioa ematea" zein "Bergarako herritarrei musika estilo hauek gerturatzea" dute helburu antolatzaileek.
Hala, musika zaleek izango dute non aukeratu. Ohar bidez adierazi dutenez, "15 musika talde baino gehiagok" osatuko dute egitaraua; gaur, baina, zortzi talde iragarri dituzte: Bergarako Brigade Loco eta Kaleko Urdangak, Aretxabaletako Neallta Fola eta horiez gain, Jonny Gerriwelt, Rotten XIII, Unidad Alavesa, Pubyc Enemy eta Labana. Antolakuntzak "hurrengo asteetan" emango ditu ezagutzera oholtzara igoko diren gainontzeko musikariak.
Sarrerak, salgai
Ekitaldia iragartzearekin batera jarri dituzte salgai jaialdirako sarrerak. entradium.com plataforman, bi aukera izango dute musika zaleek: 30 eurotan bi egunetarako bonoa erostea, edo 20 eurotan egun bakarreko sarrera eskuratzea.