Pandemia aurretik Udalak eta Bergara Kirol Elkarteak adostutako hitzarmena atzeratu behar izan ondoren, asteon jakinarazi dute lehen faseko lanak martxoan esleitzea aurreikusten dutela. Honako lan hauek egingo dira lehen fase horretan, besteak beste: belar naturala kendu eta artifiziala jarri; egungo harrizko hesi perimetrala kendu eta sare bidezko itxitura bat ipini; ureztatze-sistema berria egokitu; eta gaur egun ez dagoen argiteria artifiziala jarri. Belar naturalaren ordez soropil sintetikoa jarriko da, futbol-zelai berria modu intentsiboan erabiltzeko aukera bermatuta egon dadin, eta mantentze-lan handirik beharko ez duena. Lehen fase horrek milioi bat euro inguruko aurrekontua dauka.
Bi aldeen beharrak eta nahiak
Kirol zinegotzi Aitor Arantzabalek argitu duenez, goi mailako partiduetarako gutxieneko neurriak izango lituzke zelai artifizial berriak; hau da, 105 metroko luzera eta 68 metroko zabalera duen jokaleku bat, hegaletan metro eta erdiko kanpo-bandak dituena eta funtsetan bi metro eta erdiko zabalera duena. Pandemiak hitzarmena eta, beraz, lanen exekuzioa atzeratzea ekarri badu ere, gustura dago Arantzabal proiektua lizitaziorako gertu dagoelako: "Herriarendako proiektu inportantea da: batetik, Udalak orain arte eremu pribatua zena irabazten duelako; eta, bestetik, futbol zelaia alde batera eroanda beste aldean irabazten diren metroekin beste jardueretarako lekua irabazten dugulako".
2022-2023 denboraldirako prest
Udalak eta BKEk 2019an sinatutako hitzarmena atzeratzea ekarri du pandemiak, baina, klubeko presidente Iosu Elorzaren arabera, ulertzekoa da atzerapena: "Oso pozik gaude akordio berria ixtea lortu dugulako. Erabat kontziente ginen COVID-19aren eraginez Udalak beste lehentasun batzuk izango zituela, eta prestutasun osoa izan dugu beste hitzarmen baterako. Heldu da Agorrosin Berriaren ordua".
Izan ere, asmoa da lehen faseko lanak uda honetan gauzatzea, hiru hilabeteko exekuzio-epea dauka eta: "Lizitaziora martxoan irtengo litzateke eta bi aldeen helburua da udako hilabeteak baliatzea obrak exekutatzeko. Nahi duguna da 2022-2023 denboraldia Agorrosin Berriarekin hastea; ez bada lehen jardunalditik, izan dadila iraila amaieratik edo urri hasieratik. Gaur egun dugun Ipintzako saturazioari buelta emango genioke bi futbol zelai izanda, asko irabaziko genuke".
Izan ere, ezin da ahaztu egun apenas erabiltzen den belar naturalak mantentze-lan handiak eskatzen dituela, Elorzaren arabera: "Kanpotik ikusteko oso polita da belar naturala, beste garai bateko futbola ekartzen du gogora... Baina pertsona bat behar da horretara lanean; are gehiago, neguan... Zelaiaren egoeragatik, azken urteetan hamabost egunean behin bakarrik erabili izan da, eta ez du zentzurik. Bi futbol zelai izateak entrenamenduetarako ordu asko emango digu, eta behar dugu".
Bigarren eta hirugarren faseak
Bigarren fasean, Ipintzara eta Agorrosinera emango luketen harmaila berriak, aldagela berriak –duela hamabi urte egokitu ziren aurrefabrikatu horiek, behin-behinekoak izango zirelakoan– eta pista perimetral berria jarriko dituzte. Hirugarren fasea libre geratzen den eremurako dago aurreikusita; Udala aztertzen ari gune hori ze jardueratarako baliatuko den.
Agorrosin Berria: azken emaitza
Hiru faseak amaituta irudiko itxura izango du Agorrosin Berriak. Futbol zelaia ipar-mendebalderantz eroango dute eta ekialdean beste eremu bat irabaziko da "askotariko erabileretarako". Lehen fasean galtzen den pista perimetrala irabazi egingo da azken fasean.