Agorrosin Berrirako lehen fasea martxoan esleitzea aurreikusten dute

Jokin Bereziartua Lizarazu 2022ko ots. 14a, 11:25

Arantzabal, Elortza, Lete, Elorza eta Orbea, Agorrosin futbol zelaian. Argazkia: Bergarako Udala.

Pandemia aurretik Udalak eta Bergara Kirol Elkarteak adostutako hitzarmena atzeratu behar izan ondoren, gaur jakinarazi dute belar naturala artifizial bihurtzeko lehen faseko lanak martxoan esleitzea aurreikusten dutela: "Otsailaren 15eko batzordean aztertuko da futbol zelaiaren birmoldaketarako proiektua, eta aurreikuspena da martxoko batzordean lanak esleitzeko moduan egotea".

Ezketa, S.L.P. enpresak idatzi du proiektua. Agorrosin futbol zelaiaren eremua eraikitzeari dagokio lanen lehen fasea da hau, eta milioi bat euroko aurrekontua du. Lanok egiteko hiru hilabete beharko direla aurreikusten da: "Proiektu hori esku-hartze zabalago baten parte da, eta esku-hartze horretan sartuko da hura erabiltzeko behar diren eraikinen eraikuntza".

Soropil sintetikoa

Belar naturalaren ordez soropil sintetikoa jarriko da, futbol-zelai berria intentsiboki erabiltzeko aukera bermatuta egon dadin, eta mantentze-lan handirik beharko ez duena.

Fase honetan proposatzen da joko-zelaia partzelaren ipar-mendebaldeko ertzean ezartzea, baita dagozkion ureztatze eta drainatze-azpiegiturak ere, almazen-etxola eraisteko eta iparraldeko aldea ixteko, argiztapen-dorreetako bat eta instalazioaren alboko itxitura berria hartuko dituen izkina berria konfiguratzeko.

Pistari dagokionez, fase honetan gainazalean esku-hartuko da soilik beharrezkoak diren azpiegiturak prestatzeko. 

Proposatzen da goi mailako partiduetarako gutxieneko neurriak betetzen dituen futbol-zelai bat egitea, hau da, 105 metroko luzera eta 68 metroko zabalera duen jokaleku bat, bandetan 1,50 metroko kanpo-bandak dituena eta funtsetan 2,50 metroko zabalera duena. 

Argiteriari dagokionez, led motako argiak izango dituzten lau poste jarriko dira, jokalarien eta ikusleen ikuspen ona bermatuko duen argiztapen uniformea lortzeko, nahi gabeko itsualdirik gerta ez dadin.

Ureztatze sistemari dagokionez, automatikoa izango da, 6 zonalde perimetralen bidez, jokalekuaren azalera osoa modu homogeneoan hartuko du, inguruko jarduera osagarriak (pista perimetrala) oztopatu gabe. Ezkutukoak izango dira, futbolarien segurtasuna bermatzeko, eta urrutitik kontrolatu eta kudeatu ahal izango dira, uraren erabilera optimizatzeko.

Perimetroaren itxitura ere berria izango da. 

Beste bi fase gutxienez

Lehen fase honen ondoren gutxienez beste bi egongo dira. Bigarren fasean aldagelak, harmailak eta pista perimetrala egingo dira, eta hirugarren fasean hutsik gelditzen dien gainontzeko metroak.

Proiektuak honako helburu orokor hauek ditu: berdeguneak sustatzea, ingurunean jarraipena izatea, mugikortasuna hobetzea, espazioen balioaniztasuna eta jardun-eremuaren kohesioa. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak