"Bageneukan gogoa horrelako aurkezpen bat egiteko", azaldu du Gorka Artola Bergarako alkateak gaur arratsaldean, 2022ko Pentekoste jaien egitarauaren berri emateko agerraldian. Bertan, udaleko ordezkariez gain egitaraua osatzen parte hartu duten herriko hainbat taldetako ordezkariak, aurtengo txupinazoa botatzeko ardura izango duten ASPACEko kideak eta jaietako kartelaren egile Soiartze Heras ere egon dira.
Ekainaren 3tik 7ra egingo diren Pentekoste jaietarako egitarauari dagokionez, kultura, kirola, gastronomia, musika eta beste hainbat jasotzen dituela nabarmendu dute aurkezpenean eta gaineratu adin eta gustu guztietako pertsonek lekua izan dezaten saiatu direla. "Menu oso eta osatua prestatu duten herritar guztiei eskerrak eman nahi dizkiet, batetik, eta guztiak gonbidatu nahi zaituztet Pentekosteetan antolatu diren ekimenetan parte hartzera, alaitasuna partekatzera", adierazi du alkateak.
Barrakak eta txosnagunea
Pandemia aurreko jaietako ekimenak berreskuratu arren, gauza berriak ere txertatu dituztela azaldu dute. Horien artean daude, esaterako, ekainaren 5ean egingo dituzten eskalada-zaleen Mokoloblock topaketa eta Jugger erakusketa. Aspaldiko partez zaleek herri kirolez ere gozatu ahalko dute, punta-puntako kirolarien parte-hartzearekin.
Berritasunek beste bi guneri ere eragingo diete: barrakak jaien aurreko asteburuan jarriko dituzte, eta jaiak amaitu eta biharamunean kendu. Txosnagunea, aldiz, Bideberrin beharrean Oxirondon egongo da, Santa Marina eliza aurrean. Paella erraldoiarekin ekainaren 6an izango den herri bazkarirako sarrerak, bestalde, gaurtik eskuratu daitezke.
Kontzertuak
Herriko hainbat txokotan zein txosnagunean ez dira musika emanaldiak faltako. Hala, besteak beste, Kerobia, Puro Relajo, Añube, Los Zopilotes Txirriaos, Skabidean, Ezpalak, Lukiek, Voces Navarras eta DJ Bull izango dira Pentekosteak musikaz bustiko dituztenak.