2022ko Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza (ZTB) jardunaldiak, urte osoan zehar

Jokin Bereziartua Lizarazu 2022ko mai. 11a, 13:19

Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza -ZTB jardunaldiak aldatuta datoz 2022an. Jardunaldien aste garrantzitsuena azaroaren 3tik 10era ospatuko dute baina landu ohi diren gaiei zuku gehiago atera eta eraginkorragoa izan dadin ekintzak urte osora irekiko dituzte. Ekitaldi horien berri emango dute jardunaldien webgunean.

Honela azaldu du aldaketa Ainhoa Lete alkateordeak: "Gure etorkizuna zientzia, teknologia eta berrikuntzari lotuta egongo denaren zalantzarik ez dugu eta horregatik, bultzada eta indartze berezia eman nahi zaio kultura zientifikoaren dibulgazioari".

Agerraldia egin zuten atzo Letek berak, Laboratorium Museoko arduradun Rosa Errazkinek, Miguel Altuna LHIIko LHLko teknikari Oihana Garmendiak eta Bergarako Udaleko Sustapen Ekonomikorako teknikari Marije Unamunok.

Gogorarazi dute Bergarak historian zehar zientziarekin eta haren dibulgazioarekin lotura handia izan duela. "Ez da inoiz haria eten, bidean aldaketak egin badira ere. 2015an, Laboratorium Museoa sortzearekin batera, hasi zen Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza jardunaldiak antolatzen, IKT asteari erreleboa hartuz".

Iazkoen balorazioa egin ostean hartutako erabakia

2021. urteko jardunaldien balorazioa egiterakoan hartu zuten erabakia. "Alde batetik, programazioak dimentsio handia izan zuela (24 jarduera eta 19 erakunderen lankidetza) eta ekimen asko izan zirela baloratu zen eta bestetik, denboran oso jarraian egiteak eraginkortasuna zaildu egiten zuela baloratu zen", azaldu du Letek.

Eta honako hau gaineratu du Errazkinek: "Hemendik aurrera, hortaz, edo gutxienez 2022an, azaroko jardunaldiak denboran murriztea erabaki dugu, aitzitik, ekimenak ZTB markapean urtean zehar banatzea erabaki dugu. Beraz, aurten ZTBko ekimenak urtean zehar banatuko dira, esan bezala, eta ZTB jardunaldiak azaroaren 3tik 10era bitartean egingo dira. Eta konbentzituta gaude askotariko eragileek eta profesionalek egiten dituzten ekarpenei etekin handiagoa aterako diegula".

Ezezaguna da askotan, baina eragin zuzena dute gure bizitzetan zientziak, teknologiak eta berrikuntzak, eta horregatik, beharrezkoa da jende guztiari zientzia gerturatzea, nolabait zientziaratzea, 2021.urteko jardunaldietan esan bezala. Beste jarduera batzuk espezialistei zuzendutakoak izango dira.

Horretarako, ohi bezala, askotariko diziplinak landuko dira, formatu anitzetan, publiko desberdinari bideratuta, eta erakunde zein eragile desberdinen eskutik. Elkarlana baita jardun honen zutabe garrantzitsuetako bat.

Zientzia, teknologia eta berrikuntza ardatz hartuta, formazioa eta dibulgazioa askotariko esparruetatik landuko ditugu: aurkezpenak, erakusketak, hitzaldiak, barnetegi teknologikoa, Wolfram Encounterra...

Jot Down, hilaren 15era arte

Ekintzetako bat, dagoeneko martxan dagoena, zientzia dibulgatzeko Jot Down lehiaketa. Bigarren aldia da Laboratorium Museoak ekimena sustatzen duena. Zientzia ez-profesionalentzat eskuragarriagoa egin behar dela, eta zientzia horrek duen garrantziaz jabetu behar dugula aldarrikatzen dugu ekimen horren bitartez ere. Eta horregatik da hain garrantzitsua dibulgatzaile zientifikoen lana. Lan hori, baina, ez da beti saritzen, eta horregatik sortu zen Jot Down lehiaketa.

Lau sari ematen dira, horietako bat zientzia-ilustrazioari dagokiona, Laboratoriumek ematen duena. Dakizuenez, arlo horretan, zientzia-ilustrazioan beste ekarpen batzuk egiten ditugu, esaterako EHUren gai horri lotutako masterra laguntzen. Maiatzaren 15ean amaituko da bertan parte hartzeko epea, eta ekainean egingo da sari banaketa.

Hezkuntza eskaintzaz aritu da Oihana Garmendia, Miguel Altunako teknikaria. Gazteei begirako hainbat ekimen egingo dira. "Hezkuntzarako proposamen osatua egin dugu elkarlanean. Honela, ikasleek hitzaldiak jasoko dituzte adituengandik, tailerrak eta aurkezpenak  adibidez, baina are garrantzitsuagoa eta emankorragoa iruditzen zaigu haiengana hurbiltzeko bestelako ekitaldiak egitea. Hala nola, MAI Miguel Altunatik eskainitako STEAM-KOIN – STEAM komunitatea indartuz. DBH3 ikasleei zuzenduta. SCAPE ROOM Teknologikoa LH5 eta LH6 ikasleei zuzenduta".

Azaroan egingo diren jardunaldietako ekimen bat ere aurreratu eta nabarmendu dute, izan ere, indartu egingo da aurten, Marije Unanumo Bergarako Udaleko Garapen sozio-ekonomikoko teknikariak azaldu du. Wolfram encounterraz da. Aurten, Maijoku eta Game Erauntsia taldeen arteko elkarlanarekin gauzatuko baita.

"Bien artean euskara bideojokoen munduan ere murgilduta dagoela erakutsiko da ekimen ezberdinekin: Hitzaldi bat, Game Erauntsia komunitatea ezagutzeko eta euskarak bideojokoen arloan bizi duen egoera aztertzeko; Lol txapelketa online, finala aurrez aurre jokatuko da; eta Minecraft-en Bergara eraikiko dute parte-hartzaileek".

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak