Bergarako EAJk dio "agintaldi oso bat" galdu duela EH Bilduk mugikortasunaren arloan

Jokin Bereziartua Lizarazu 2022ko mai. 4a, 19:21

Gaur arratsaldean batzokian egindako prentsaurrekoan, Bergarako EAJk salatu du EH Bilduren Udal Gobernuaren mugikortasun plana "berandu" heldu dela eta gaineratu dute bertan azaltzen diren datuak ez datozela bat egungoekin. Mugikortasunaz harago bestelako kritika bat ere egin dio EAJko eledun Maite Agirrek Udal Gobernuari: "Planetatik akzioetara pasatzeko ordua da, agintaldia amaitzear dago eta planak besterik ez ditugu eskuartean. Ez dago erabakirik ezta ekintzarik definituta, ez gai honetan, ezta gainontzekoetan ere".

Udal Gobernuak duela aste batzuk iragarri zuen mugikortasun azterketa aintzat hartuta, jeltzaleek salatu dute 2019a ezkero mugikortasun planaren zain daudela: "Hiru  urte daroatza EH Bilduk gobernuan eta oraindik ez du garatu bere osotasunean mugikortasun plana. Bergarako EAJ 2019a ezkero dago mugikortasun planaren zain; izan ere, orduan, 2020 aurrekontuen lanketan, aparkalekuen beharra mahai gaineratu genuen, baina zain egoteko eskatu ziguten eta orain, bi urte beranduago, eta agintaldia amaitzear, planaren zirriborroarekin gaude, inongo irizpide-ekintza zehatzik gabe. Agintaldi oso bat galdu dugu".

Seminario azpiko parkingaren bueltako galdeketa

Ezin da ahaztu aurreko agintaldian, EAJ gobernuan zegoenean, seminario azpiko parkinga izan zela lantzen hasi ziren proiektu esanguratsuena: "Urteak daroatzagu lur azpiko aparkalekuaren beharra azpimarratzen eta, herritarrek arlo honetan ere zeresana dutela ere argi dugu. Izan ere, 2022ko aurrekontuetarako herri galdeketa egitea proposatu genion gobernuari herritarrak erabaki dezaten aparkalekuaren beharra dagoen bai ala ez partaidetza prozesu demokratikoaren bidez. Baina, EH Bilduk ezezkoa eman zigun, planaren aitzakia hartuta". Planetatik ekintzetara pasatzeko eskaera ere egin dute, besteak beste: "Dagoeneko plana eskuartean dugu, orain ekintzetara pasatzeko ordua da. Zer egingo du alkateak aparkalekuen gaia konpontzeko? Aparkalekua? Ordainpeko TAO ezarri? Planetatik akzioetara pasatzeko ordua da, agintaldia amaitzear dago eta planak besterik ez ditugu eskuartean, ez dago erabakirik ezta ekintzarik definituta, ez gai honetan, ezta gainontzekoetan ere".

Planaren zirriborroak 17.908 euroko aurrekontua izan duela gogora ekartzeaz gain, EAJk ondorioztatu du, besteak beste, aparkaleku berrien beharra dagoela: "Ikerketaren arabera 2017tik 2019ra bitartean aparkaleku libreak % 10 izatetik % 3 izatera pasatu ziren eta auto kopurua ez da jaisten; beraz, horrek esan nahi du, ez dagoela aparkaleku nahikoa eta ondorioz, kotxeak herrian bueltaka dabiltzala aparkaleku bila".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak