Aparkalekua, oinezkoen bideak eta bizikletaren erabilera, mugikortasuna hobetzeko gakoen artean

Itziar Larrañaga Sarasola 2022ko mar. 16a, 19:42

Mugikortasuna hobetzeko lanketa egiten dihardu Bergarako Udal Gobernua, eta bertan, hobetu beharreko bost arlo identifikatu dituzte: oinezkoen mugikortasuna, garraio publikoa, bizikleta, trafikoa eta aparkalekua.

Leber enpresa izan da azterketaren egilea, eta, Gobernutik aurreratu dutenez, datozen egunetan gaiaren lanketa egingo dute oposizioarekin. Ondoren herritarrekin partekatu dute, eta azkenik, mugikortasun plana zehaztu.

Bost arlo

Oinezkoei dagokienean, diagnostikoak nabarmentzen du oinezkoen barne-mugimendua "garrantzitsua" dela herrian. Hala, Bergaran oinez bizi eta mugitzeko esperientzia hobetzea zehaztu dute arlo horretako helburu nagusitzat. Udal Gobernuak epe laburrerako lehentasun gisa ikusi ditu, esaterako, trafikoa lasaitzeko neurriak ezartzea, Zubietan eta Masterrekan espaloiak zabaltzea eta Metrominutu ekimena martxan jartzea –oinezkoen ibilbideak plano batean identifikatzen dituen ekimena da; puntu esanguratsuak eta horien arteko oinezko distantzia markatuz–. 

Bizikletaren erabilera txikia da ikerketaren arabera; lekualdatze global guztietatik %2 egiten dira bizikletaz eta emakumeek ez dute apenas erabiltzen. Datu hori kontuan izanik, erabileraren areagotze progresiboa egitea da Udal Gobernuarentzako lehentasuna, eta, epe laburrean landu beharrekoak aurreratu dituzte: bizikleta aparkalekuak gehitu, bizikleta-kaleak ezarri –autoarekin partekatuta– eta bidegorri sarea osatu Antzuolarako konexioarekin.

Garraio publikoari dagokionez, herri barruan %3koa da, eta, %23ra igotzen da kanpokoetan. Udal Gobernuak epe laburrean lantzeko ikusten dituen lehentasunak dira: auzo-taxia eta Herribusaren erabilera areagotzeko neurriak hartzea –erabilera eta gastua partekatzea proposatuz, adibidez– eta Taxi lagun zerbitzu berria sustatzea, pertsona nagusiak anbulatoriora hurbiltzeko.

Trafikoaren arloan, baretzeko neurriak hartzearekin batera, jasangarritasuna eta segurtasuna handitzea nahi du Gobernuak. 

Azkenik, aparkalekuari buruz, "kaleko aparkalekuen kudeaketa eraginkorra" identifikatzen du azterketak mugikortasuna hobetzeko giltzarri moduan. Horren azterketa epe ertainera egin beharrekoa dela uste du Udal Gobernuak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak