Aho batez onartu ziren bilkurako gai gehienak. Tartean, Barrenkalea 6 eta 8 eraikinetako karkabak jabari publikora doanik emateko eskaintza; Elurmendi elkarteak egindako Elosuko udal-frontoiaren ondoko lurzati baten doaneko zesioa; edota Iruzurraren aurkako planaren onarpena.
Olaso Dorrea Fundazioarekin hitzarmena eztabaidagai
Bestetik, Olaso Dorrea Fundazioarekin iazko martxoan sinatutako hitzarmenaren barruan bisita gidatuetarako ordutegi aldaketa bat onartu zuten, EH Bilduren aldeko botoekin, EAJren kontrakoekin eta alderdi sozialistaren abstentzioarekin. Hitzarmena onartu zenean salatu zuten moduan, jeltzaleek Olaso Dorrea jarduera lizentziarik gabe ireki izana salatu zuten atzo ere.
Aurrekontuetako konpromisoak
Kreditu txertaketa baten berri ere eman zuen udal idazkariak atzo eta jakinarazpena baliatu zuen EAJko Maite Agirrek beste behin ere aurrekontuen negoziazioan adostutako konpromisoen aurrean euren kezka azaltzeko. EH Bilduk erantzun zion esanez konpromiso horiek betetzeko "borondate osoa" dutela.
PSE-EEren amiantoa kentzeko partida
Alderdi sozialistak aurrekontuen negoziazioan adostutako beste gai bat ere atera zuen galderen eta eskaeren tartean. Amiantoa udal eraikinetatik kentzeko teknikaria formatzea nahiko lukete, besteak beste. Kasu horretan ere adostutako 10.000 euroko partida gai horretara bideratzeko borondatea badutela berretsi zuen Gorka Artola alkateak.