Eguneko arreta zentro berria irailean martxan izatea espero du Bergarako Udalak

Jokin Bereziartua Lizarazu 2022ko api. 8a, 13:34

Intentsitate txikiko laguntza behar duten pertsona nagusiei zuzendutako Arin zerbitzua martxan jartzeko prozesua abiatu du Bergarako Udalak. Une honetan zerbitzua arautzeko araudia onartzeko prozesuan dago eta zerbitzuaren kontrataziorako pleguak prestatzen. Bi prozesu hauek amaitua, aurreikusten da zerbitzua irailetik aurrera zabaltzea; San Joxepe erretiratuen elkartearen egoitzan egokituko dute.

Gisa honetako zerbitzuek egunean zehar erabil dezaketen ekipamendua jartzen dute erabiltzaileen eskura. Eta pertsona horiei arreta emateko premia espezifikoekin lotutako intentsitate txikiko laguntza eskaintzen zaie.

San Joxepe elkartearen egoitzan kokatua

Zerbitzua Boni Laskuraineko gizarte etxeko eraikinean eskaintzea aurreikusten da. Hala ere, taldeen osaketaren arabera beharra badago, beste guneren batean ere eskaintzeko aukera aurreikusita dago. Zerbitzua astelehenetik ostiralera 10:00etatik 13:00etara bitartean eskaintzea aurreikusten da, jaiegunetan eta oporraldietan izan ezik. Hala ere, egutegia jarduera mota bakoitzean izena emanda dauden talde eta pertsonei egokitzeko aukera egon daiteke. 12 lagun hartzeko lekua egongo da.

Eguneko zentro arineko sukaldea.

Askotariko helburuak

Helburuak dira, batetik, adineko pertsona zaurgarrien  autonomiari eustea, beren ohiko ingurunean mantentzen eta gizarteratzen laguntzea, eta, hala badagokio, isolamendu-egoerak konpentsatzea; beste aukera bat eskaintzea harremanak behar dituzten eta normalean bakarrik edo lan egiten duten senideekin bizi diren adineko autonomoei; nagusientzako harrera-, aisialdi- eta bizikidetza-zerbitzu bat eskaintzea, prebentzio-jarduerekin, arreta pertsonalizatuekin eta jolas-jarduerekin, oinarrizko helburua bizi-kalitatea hobetzea izanik.

Eguneko zentro arineko egongela nagusia.

Askotariko zerbitzuak eskainiko dira, esaterako, estimulazioa edo errehabilitazioa lantzekoak; hezkuntzari, kulturari eta aisiari lotutako jarduerak; edo gizarte-harremanak edota harreman pertsonalak izateko edo ezartzeko trebetasunak eskuratzeko eta harremanak ezartzeko aukerak sortzeko laguntza.

Eguneko zentro arineko egongela nagusia.

Zerbitzua jasotzeko ezinbestekoa izango da Bergaran erroldatuta egotea. Eta hurrengo baldintzak hauek ere bete beharko dira:

  • 65 urtetik gorako pertsonak, menpekotasun-arriskuan edo egoeran daudenak –1. maila, mendekotasun balorazioan 25 eta 39 puntu artean lortu dituztenak–.
  • Menpekotasuna aitortu gabeko adinekoak edo 25 puntutik beherako puntuazioa dutenak. Menpekotasun balorazioan, 75 urtetik gorakoak, hauskortasun-egoeran daudenak.
  • Isolamendua, bakardadea, abandonua edo tratu desegokia jasateko arriskuan edo egoeran dauden 65 urtetik gorako pertsonak.

Erabiltzaileak zerbitzuagatik ordainduko duen kopurua bizi duten egoera ekonomikoaren arabera finkatuko da, eta hilean 5 euro eta 60 euro artekoa izango da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak