Jaurlaritzak ingurumena zaintzeko plana eskatuko dio Valogreene enpresari

Uxue Igarza Loiola 2022ko api. 14a, 09:36

Eusko Jaurlaritzak aurreko astean helarazi zion Bergarako Udalari Ingurumen Baimen Bateratua ematen diola Valogreene Paper BC enpresari. Udalak errekurtsoa aurkeztuko zuela jakinarazi zuen –aurretik ere alegazioak aurkeztuta ditu–, eta orain Jaurlaritzak ohar berria kaleratu du plantaren inguruko xehetasunak emanez eta alegazioei erantzunez.

Jaurlaritzako Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak Ingurumen Baimen Bateratua eman zion aurreko astean Valogreen Paper BC enpresak Bergaran jarri nahi duen plantari. Orain, ingurumen-inpaktuaren inguruko azalpenak eman ditu.

Eusko Jaurlaritzaren arabera, Ingurumen Administrazioari buruzko Legean ezarritako "autosufizientzia- eta hurbiltasun-printzipioak" aplikatuko dira Larramendin. Ohar bidez zehaztu du Valogreen enpresak "ingurumena zaintzeko plan bat" aurkeztu beharko duela, eta bertan, kontrolatu beharreko parametroak, parametro bakoitzerako erreferentzia-mailak, analisien edo neurketen maiztasuna edota  laginketa- eta analisi-teknikak –eta laginketa-puntuen kokapen zehatza– azaldu beharko dituztela. Horrez gain, Jaurlaritzaren arabera, analisi gehiago ere egin beharko dira jarduna neurtzeko.

Berotegi-efektuko gasei dagokienez, Jaurlaritzak azaldu du metano isurketek karbono isurketek baino inpaktu handiagoa dutela planetan, baina era berean metanoa dela papergintzako sektoreak gehienbat isurtzen duen gasa: "Paperaren sektoreak isuritako gasa metanoa da batez ere, eta metano horrek eragindako berotze-faktorea karbonoak eragindakoa baino 25 aldiz handiagoa da. Hortaz, garrantzitsua da isurpenak murriztuko dituen kudeaketa egitea, EAEn egiten ari garen bezala".

Hirigintza-bateragarritasunari buruzko txostenari lotuta, honakoa adierazi du Ingurumen Sailak: "Ingurumen-organoak kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko araudian xedatutakoa betetzen dela ziurtatu du, eta izapidetzearen esparruan, ingurumeneko baimen bateratuaren eskaerarekin batera, proiektua plangintzarekin bateragarria dela egiaztatzen duen hirigintza-txostena aurkeztu da". Gehitu dute, besteak beste, Bergarako Udalaren dekretua baliorik gabe geratu dela: "Bergarako Udalak beranduago onartu zuen dekretua, eta hortaz, gaur egun, prozeduran ez dago jarduerari buruzko txosten urbanistiko negatiborik".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak