Paper-fabriketako hondakinak tratatzeko Larramendin aurreikusita dagoen plantaren bueltan badago nobedaderik. Izan ere, Udalak apirilaren 8an jaso zuen Jaurlaritzako Ingurumen Iraunkortasunaren sailburuordetzaren partetik Elxeko (Alacant) Valogreene Paper BC enpresari Ingurumen Baimen Bateratua ematen diola jakinarazteko ebazpena.
"Udalak azaroaren 22an bidalitako alegazioei ez zaie erantzuten. Alegazioetan, laburbilduz, esaten zen: Plan Orokorrak ez du jasotzen hondakinen kudeaketarako azpiegitura erabilera, eta, beraz, ez dago Larramendiko H partzelarako onartuta. Bestetik, hondakinen kudeaketaren erabilera ere ez da bateragarria, erabilera osagarri bezala onartuta dagoelako, baina ez erabilera nagusi bezala", esan du Udalak, ohar bidez. Jaurlaritzaren idatziak dio ingurumen inpaktuaren adierazpena egin dela eta baimena eman zaiola enpresari "karedun materialaren ekoizpenerako". Ingurumen baimenari errekurtsoa jarriko dio Udalak.
Valogreene enpresarengana jo du GOIENAk; diote "oraingoz" ez dutela ezer esateko.