Gaurko prentsa agerraldian adierazi dute "askotariko eragileak" batzen dituela taldeak: "Bergararren osasunaz kezkatuta etorkizunean San Juan industrialdean errauste planta bat eraikiko delako, herritar, erakunde eta eragile anitz biltzen duen taldea gara. Hondakinen balorizazio-prozesua sortze-instalazioetan bertan egingo da, ekoizpen-instalazioetan dauden arazoak beste leku batzuetara ez eroateko".
"Tapiak Valogreene-n alde egin du"
Adierazi dute Udalak uztailean onartutako hirigintza-bateragarritasunari buruzko txostena indarrik gabe utzi zuenean eta lizentziaren eskaera Eusko Jaurlaritzari ingurumen-adierazpena onartzeko egindako eskaeran islatzen ez zen jarduera-mota bat zehazten zela ohartzean, bi gauza "argi eta garbi" gelditu zirela: "Batetik, Tapiak Valogreene-n alde egin duela eta, bestetik, Valogreenek proiektatutako planta ez dela bateragarria indarrean dagoen Hiri Antolamenduko Plan Orokorrarekin (HAPO)".
Jaurlaritzak Valogreene enpresari 2,5 milioi euroko diru-laguntza eman izana ere salatu dute, besteak beste: "Gainera, Eusko Jaurlaritzak bateraezintasun-adierazpenari alegazioa jarri zion, hondakinen kudeaketari dagokionez enpresak duen izaera argi eta garbi aipatuz [...]. Eta proiektuaren jarduera nagusia aldatzeak, Larramendin erraustegiaren ezarpena posible egiteko helburu argiarekin, mesfidati sentiarazi gaitu, eta arretaz jarraitu ditugu proiektuaren izapidetze-urratsak. Ezin dugu ahaztu, halaber, Valogreene-k herrian egindako aurkezpenean ez zuela argibide teknikorik eman nahi izan".
Informatzea eta kontzientziatzea helburu
Larramendiko Arnasa otsatzen duten eragileek galdegin dute, era berean, enpresak aitortzen duela toxikotasun larri gisa kalifikatutako hondakinak sortuko dituela: "Nola fida gaitezke hondakinak airera eta uretara isuriko dituela onartzen duen enpresa batekin?. Gure helburua herria informatzea eta kontzientziatzea da, baita azpijokoak salatzea ere. Era berean, ez dugu ahazten hondakinen tratamenduari buruzko legeriak dioena, hau da, hondakinak sortzen diren lekutik gertuen dauden instalazioetan tratatu behar direla".
Sara Ibañezen hitzaldia hilaren 29an
Ekitaldi baten berri ere eman dute gaur, hain zuzen, martxoaren 29an, Sara Ibañez sendagile erretiratuaren saioa: "Muskizen dagoen findegiak sortzen dituen osasun arazoez hitz egingo digu".
Asmoa dute aurrerago ekitaldi gehiago ere antolatzeko: "Uste dugu Bergarako eta eskualdeko bizilagunekin egingo dugun lana garrantzitsua izango dela inposatu nahi diguten proiektuari aurre egiteko. Aurrera begira, beste ekitaldi mota batzuk egitea aurreikusten dugu, herritarrok erraustegiaren aurka gaudela erakusteko".