Berriz zabalduko dute Epeleko zabortegia

Jon Irizar Aranguren 2022ko mar. 14a, 17:20

Epeleko zabortegia, artxiboko irudi batean.

Eusko Jaurlaritzarekin "hainbat lan-bilera" egin eta akordiora iritsi ostean, Debagoieneko Mankomunitateak 2018tik bere ohiko jardunerako itxita zegoen Epeleko zabortegia (Angiozar) berriro zabaltzeko erabakia hartu du. Zabortegiaren kudeaketak mankomunitatearen eskumena izaten jarraituko du, eta edukiera mantendu egingo da.

Euskal Autonomia Erkidegoko industria-hondakin ez-arriskutsuen "zabortegien mapan sortutako gabeziari aurre egin asmoz", Eusko Jaurlaritzak 2 milioi euroko diru laguntza onartu zuen 2021eko azaro amaieran Epeleko zabortegia egokitu eta berriz zabaltzeko. Mankomunitateak "aldebakarrez" hartutako erabakia izan zela adierazi zion Goienari; "mankomunitatearekin desadostasunarekin" hartutakoa, alegia.

Bada, gaur bertan Debagoieneko Mankomunitateak prentsa ohar bidez adierazi duenez, "hainbat lan-bilera" egin ostean adostasunera heldu dira bi erakundeak; ondorioz, berriz zabalduko dute Epeleko zabortegia. "Bidea ez da erraza izan", adierazi du Garazi Larrea bailarako erakundeko presidente ordeak, "baina akordioa lortu dugu".

Baldintzak

Oharrean jasotakoaren arabera, zabortegiaren kudeaketak mankomunitatearen eskumena izaten jarraituko du, eta edukiera egungo bera izango da. Hau da, 2020an erabateko itxiera iragarri arren –2018tik zegoen itxita hondakin industrial ez-arriskutsuentzat–, "ahal den neurrian" Euskal Autonomi Erkidegoko hondakin industrial ez-arriskutsuei zerbitzua emango diela erabaki dute, 1993an ezarri zituzten bide-orriei eutsiz; hots, "kudeaketak publikoa izaten jarraituko du", eta edukiera "legeak adierazitakoa izango da".

"Euskal Autonomia Erkidegoko industria-hondakin geldoen arazoari, aldi baterako irtenbidea emango zaio", adierazi du Larreak.

Egokitzapenak

Irekiera, baina, ez da berehalakoa izango. Berriro martxan jarri ahal izateko, "derrigorrezkoa da" egokitzapen lanak egitea mankomunitateko presidente ordearen hitzetan. Eusko Jaurlaritzaren 2 milioi euroko diru laguntza lortuta, "beharrezko egokitzapenak" egin ostean irekiko da Angiozarren dagoen zabortegia.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak