Garazi Larrea Mankomunitateko presidente ordeak adierazi dio GOIENAri, prentsa ohar bidez, otsailetik diharduela Mankomunitateak Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailarekin harremanetan, "Epeleko hondakin industrialen isurtegia berrirekitzeko aukera eta horretarako baldintzak lantzen". Mankomunitateko ordezkariak dio Zaldibarko gertakariaren ondoren, eta eskualdeko "industriaren beharrei erantzuteko" asmoz, Debagoieneko Mankomunitateak beti jarri duela mahaiaren gainean "Epeleko isurtegia berrirekitzeko" aukera. Baina gehitu du: "Betiere, kudeaketa eredua, finantzaketa eta ingurumen eta baldintza teknikoen gaineko berme batzuk betez gero".
Mankomunitateak eta Eusko Jaurlaritzak urtean zehar izan dituzten harremanetan, Mankomunitateak proposatu du hitzarmen batekin bideratzea Epele irekitzeko finantzaketa eta baldintzak jasotzeko markoa. Jaurlaritzak, ordea, zailtasunak ikusi dizkio hitzarmen izaerari.
Zabortegia irekitzeko obra
Gauzak horrela, baldintza batzuk jarri zizkion azaroaren 12ko datarekin bidalitako idazkian Mankomunitateak Jaurlaritzari. Horien artean, dirulaguntza, Epeleko zabortegia berrirekitzeko obra finantzatzera bideratzea eta ez aurreikustea zabortegia handitzea. Zehazki, zabortegiko hirugarren gelaxka irekitzeko obran finkatzea dirulaguntza hori. Kopurua ere zehazten zen: 1.226.224 euro. Era berean, etorkizunean, berriz ere aktibitate faltagatik bideragarritasunik ez balego, zabortegiaren itxiera bideratzea edota hirugarren gelaxka betetzean, bideragarritasuna berraztertzea eta balizko erabateko itxiera proposatzea.
Adostasun barik
Mankomunitateko lehendakariordeak dio martitzenean Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak iragarritako Ingurumen Sailaren erabakia ez dela adostua izan. Are gehiago, dio Mankomunitatearentzat "baldintza batzuk onartezinak" zirela adierazi zitzaiela Jaurlaritzako Ingurumen Sailari duela aste batzuk.
Debagoieneko Mankomunitateko eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Saileko ordezkariak martitzenean bertan batzartu ziren Gasteizen kontu honen gainean adostasuna lortzeko. Garazi Larreak dio Ingurumen Sailak "aldebakarrez hartutako erabakiaren gainean desadostasun horiek azaldu" zirela batzarrean eta "marko adostu bat lantzeko beharra" adierazi ziola Debagoieneko Mankomunitateak Ingurumen Sailari.
Batzarra egiten ari zirela egin zuen publiko Jaurlaritzaren bozeramaileak goizean Gobernu Kontseiluak hartutako erabakia. Bingen Zupiriak iragarri zuen bi milioiko dirulaguntza Epeleko zabortegia berriro irekitzeko. Zupiriaren hitzetan, Zaldibarko zein Mutiloako instalazioak itxi ostean "industria jardueretatik datozen hondakin ez-arriskutsuen zabortegien mapan sortutako gabeziei aurre egiteko" onartu da diru-laguntza. Adierazi zuenez, "Euskadin dagoen beharrari erantzuna emango liokeen gune bat gaitu nahi da" Epeleko hondakin ez-arriskutsuen zabortegia berriz irekita.
2018a ezkero itxita
Epeleko hondakin inerteen zabortegia 1993an ireki eta 2018an itxi zen. Egoera berrira egokitzeko obrak egitea beharrezkoa zela-eta, proiektua ere egin zuten, baina bideragarritasuna aintzat hartuta obrak ez egitea eta zabortegia ixtea erabaki zen. Ordutik, 2019ko martxoaren 26a arte barne kontuetarako erabili zen. Gerora etorri zen Zaldibarko hondamendia, 2020ko otsailean, eta nabarmen geratu zen industria hondakinak hartzeko azpiegituren premia.
Aurtengo urtarrilean eman zuen Arantza Tapia sailburuak Hondakinen Prebentziorako eta Kudeaketarako Planaren zirriborroaren berri. Planaren arabera, Jaurlaritzak ez zuen aurreikusten planta berririk egitea; bai, ordea, eginda daudenak handitzeko edo berregokitzeko beharra; adibidez, Epelekoa.