Goienak urtarrilean eman zuen Jaurlaritzaren asmoen berri, eta gaur goizean Iñigo Urkulluren gobernuaren bozeramaile den Bingen Zupiriak Gobernu Kontseiluak hartutako erabakien berri ematean egikaritu da orduko ideia. Eusko Jaurlaritzak bi milioi euroko diru-laguntza emango dio Debagoieneko Mankomunitateari Epeleko zabortegia berriz irekitzeko.
Zupiriaren hitzetan, Zaldibarko zein Mutiloako instalazioak itxi ostean, "industria jardueretatik datozen hondakin ez-arriskutsuen zabortegien mapan sortutako gabeziei aurre egiteko" onartu dute diru-laguntza. Adierazi duenez, "Euskadin dagoen beharrari erantzuna emango liokeen gune bat gaitu nahi da" Epeleko hondakin ez-arriskutsuen zabortegia berriz irekita.
2018tik itxita
Duela hiru urte itxi zen Epeleko zabortegia, Debagoieneko Mankomunitateak hala erabakita; Epeleko biribilgunearen eta Kanpanzarreko gainaren artean dagoen hondakin ez-arriskutsuen zabortegia Mankomunitatearen eskumena da.