Hondakinen kudeaketari dagokionez 2030era bitartean Jaurlaritzak dituen asmoen berri eman zuen astelehenean Arantza Tapiak, Ingurumen sailburuak. Etxetik egin zuen, modu telematikoan, berriki positibo eman duelako COVID-19an.
2030erako Euskadiko Hondakinen Prebentziorako eta Kudeaketarako Planaren zirriborroaren gako nagusiak azaldu zituen, helburu nagusi hauek dituena: %30 murriztea hondakinak sortzearekin lotutako tasa; hiri-hondakinen gaikako bilketa %85era heltzea; hondakin ez-arriskutsuen %85 berrerabiltzea eta bigarren mailako material bilakatzea; eta %15etik behera murriztea hondakindegietan amaitzen duten hondakinen kopurua.
Hori dena gauzatzeko 97 milioi euroko inbertsioa egitea aurreikusten du Jaurlaritzak, eta helburu horiek betetzeko hainbat ekintzaren berri eman zuen Ingurumen sailburuak.
Planta berririk ez
Hondakinen Prebentziorako eta Kudeaketarako Planaren zirriborroak EAEko ekonomiak 2030era bitartean beharko duen hondakin ez-arriskutsuen isurketa estimazioa jasotzen du. Zaldibarko Zabortegia ixteko aurreikuspenarekin, eta Mutiloako eta Larrabetzuko hondakindegiak itxi ondoren, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan hamar hondakindegi erabilgarri geratuko lirateke, gutxi gorabehera 4.000.000 metro kubikoko edukiera gaitasunarekin. Baina, zirriborroak jasotzen duenaren arabera, EAEko industriak 7.500.000 metro kubiko isurtzeko beharra edukiko du 2030era bitartean.
Hala, falta diren 3.500.000 metro kubiko horiek jasotzeko zer egingo duten galdetuta, hauxe erantzun zuen Tapiak: "Ez dugu aurreikusten zabortegi berririk irekitzea. Egingo duguna da handitzeko aukera duten zabortegi publikoak handitu, une honetan hondakin geldoak hartzen dituztenak hondakin ez-arriskutsuko hondakindegi bilakatu eta handitzeko gaitasuna duten hondakindegi pribatuak handitu". Kazetariek bigarrenez galdetu zioten zeintzuk izan zitezkeen edukiera handitu zezaketen hondakindegi publikoak, eta orduan aipatu zituen Tapiak Gasteizko Gardelegi eta Bergarako Epele.
Mankomunitateak, berririk ez
Epeleko hondakindegia une honetan itxita dago, eta Debagoieneko Mankomunitatearen eskumena da. Jaurlaritzaren asmoei buruz galdetuta, adierazi dute ez dutela "ezer jaso modu ofizialean", eta "prentsaren bidez" jakin dutela asmo horien berri. "Ez dugu ezer esateko, oraingoz".