Emakumeen parte hartze soziala eta politikoa sustatzea helburu duen Jabekuntza Eskolaren barruan, Olatz Salvadorrek Musika eta ahalduntzea izeneko saioa gidatuko du etzi, urtarrilak 29, Agorrosinen, 10:00etatik 14:00etara. Zapatuko saioan, besteak beste, musika munduan gertatzen diren genero desorekak aztertuko dituzte, sorkuntza musikalean sakonduko dute eta jendaurrean aurkezteko tresnak landuko dituzte.
Helburuen arabera egokitu
Hori bai, saioa hartzaileen beharren eta helburuen arabera egokitzen duela azpimarratu du Salvadorrek: "Hitz egin izan dugu generoak espazio publikoan duen eraginari buruz, bereziki, arlo teorikotik, beste batzuek nahiago izaten dute harira joan eta kantu bat sortu, denboran luzeagoak diren saioetan hartzaileek herdoilduta duten instrumentu bat ekartzeko eskatu izan diet eta horri heldu izan diogu... Bergarako saioan egingo dudan lehenengo gauza izango da datozenei helburuei buruz galdetu eta horren arabera adar bati edo besteari heldu".
Salvador: "Askok uste dute abesti bat sortzea magia egitea dela, eta ez da horrela. Saio guztietan frogatu dugu edonor izan daitekeela gai abesti bat sortzeko"
Ikerketak egin izan ditu Salvadorrek beste emakume musikari batzuekin batera, eta ondorio bat jarri du adibide moduan: "Agertokira heltzeko orduan, emakumeok gizonezkoek ez dituzten hainbat beldur, segurtasunik eza eta epai bizi izaten ditugu, eta ikusi genuen beharrezkoa zela zubi-lana egitea; horregatik sortu zen tailerra, hein batean. Esaterako, musika eskola baten instrumentua jotzen ikasi duen emakume batek zuzeneko bat ematera arteko prozesuan frogatuta dago hainbat emakume bide horretan erori egiten direla. Ikastaro honetan lantzen dugun gaietako bat da espazio publiko bat okupatzeko orduan emakumeok bizi izaten ditugun zailtasunak zeintzuk izaten diren, eta egoera horri buelta emateko gako batzuk ematen saiatzen gara".
Emakumeek espazio publikoa hartzeko izan ohi dituzten zailtasunez arituko da Salvador, besteak beste
"Edonork sor dezake kantu bat"
Gainera, abestia sortzeko prozesuaz ere arituko dira: letrak idatzi, doinuak sortu eta abestiak interpretatu. Salvadorrek dioenez, guztiok sortu dezakegu-eta abesti bat: "Askok uste dute abesti bat sortzea magia egitea dela edo argi berezi bat duten izakiek bakarrik egin dezaketen zerbait dela, eta ez da horrela. Gainerako saio guztietan frogatu izan dugu edonor izan daitekeela gai abesti bat sortzeko. Oso sorpresa politak hartu izan ditugu; norbaitek bat-batean deskubritu dezake ordura arte ezezaguna zitzaion mundu berri bat".
Eskola hauen "garrantzia"
Jabekuntza Eskolaren garrantzia azpimarratu du, era berean, Berdintasun zinegotzi Ainhoa Letek: "Eskola batzuk ezin izan dira antolatu asistentzia faltagatik, baina uste dugu oso garrantzitsuak direla, emakumeon parte-hartze soziala eta politikoa sustatzeko ezinbesteko erremintak direlako eta ahalduntze-prozesuen bidez gizarte justuagoa eta osoagoa lortu ahal izango dugulako. Askotariko gaiak lantzen dira eta askotariko profiletako emakumeei bideratzen zaie". Badira lau bat urte eskola hauek antolatzen direla Udaleko Berdintasun Sailetik, eta, Letek oraindik Bergaran errotu ez direla aitortu arren, saiakerak egiten jarraituko dutela adierazi du. Olatz Salvadorren aurretik beste bi saio egin dira azken hilabetean: lehena, Ainara Gorostizuk gidatutako Amatasun praktika bizigarriagoak; eta bigarrena, Maria Juncayk gidatutako Zaintza lanak eta ekintzailetza emakume migratuentzat. Parte-hartzea doakoa da, baina izena eman behar da: 943 77 91 00 edo berdintasuna@bergara.eus.