Emakumezko musikarien ahalduntzea izan dute aztergai Olatz Salvador musikariak gidatu duen saioan, eta nabarmendu duten ideietako bat izan da emakume bat oholtza gainera igotzen denean, daukan musikari maila baino, bere itxura fisikoa edota janzkera dela ikus-entzuleen ahoetan nagusitzen den gaia. "Horregatik epaitzen zaigu askotan, jotzen ari garenari erreparatu barik". Hori azaltzen duen bideo motz bat ere erakutsi die musikari donostiarrak.
Ondorioztatu dute gizartearen presioa handia dela emakume musikariekiko eta, horren ondorioz, esparru asko haienganatu gabe dituztela oraindik. "Horrek dakar norbere buruari presio gehigarri bat sortzea", nabarmendu du parte-hartzaileetako batek.
Talde txikia izan arren, askotariko adinetako parte-hartzaileak izan ditu saioak, eta belaunaldien arteko desberdintasunak ere jorratu dituzte. "Oso gustura aritu gara solasean", azpimarratu dute.