Maria Teodocia Juncay: "Patriarkatuak bertakoei ez bezala eragiten digu migratuoi"

Jokin Bereziartua Lizarazu 2022ko urt. 22a, 08:33

Maria Teodocia Juncay, agerraldi feminista baten.

Bergarako Jabekuntza Eskolaren Zaintza lanak eta ekintzailetza emakume migratuentzat izeneko bigarren saioa gidatu zuen Maria Juncayk urtarrilaren 16an. Ekuadortik migratu ostean, 1999an Bilbora iritsi zen, eta, ordutik hona, urte luzez aritu da mendekotasun egoeran dauden adineko pertsonak etxe barruan zaindu eta artatzeko lanetan. Jabekuntza Eskolako hurrengo saioa Olatz Salvador musikariak zuzenduko du, hilaren 29an.

Hain zuzen ere, Bilboko Udalak Emakume Ekintzailearen Saria eman zion 2021eko martxoaren 5ean, SINA (Laguntza Berriko Zerbitzu Integralak) elkartea sortu izanagatik.

Zein izan zen hilaren 16ko Jabekuntza Eskolarako saioaren helburua?

Nire esperientzia kooperatibista eta emakume migratuok egunero bizi dugun errealitatean oinarritutako nire esperientzia aktibista partekatzea. Bertaratutakoak oso pozik irten ziren, eta oso indartuta irten ginen.

Zein da emakume migratuek, oro har, bizi duzuen errealitatea?

Emakume migratu eta arrazializatu guztiak sistema eta gizarte arrazista, matxista eta klasista baten mende gaude, eta hortik askotariko indarkeriak sortzen dira: politikoa, ekonomikoa, lanekoa, gizartekoa, tratu txarrena... Horregatik ez dugu beldurrik izan behar egoera aldatu arte altxatzeko; legeak dio atseden hartzeko, gure zereginak antolatzeko eta zortzi lanordu egiteko eskubidea dugula. Nagusiek denbora gehiago eskatzen badute ordu presentzialetan, ordain dezatela. Lehen pertsonan bizi izan dudan adibide bat: 40 orduko kontratua sinatu arren, lan egiten duzun pertsonarekin bizi zara, eta ez da langileak sabaia edo janaria behar duelako, baizik eta astean zazpi egunez 24 orduko arreta, zaintza, behaketa eta laguntza zerbitzua eskatzen delako. Idatzita dagoen hori betearazi dadin eska dezagun denon artean.

"Gure borrokak ikusarazi behar ditugu erabateko aldaketa bultzatzeko"

Ze ondorio nagusi atera zenituzten?

Lehenik, espazioak eta laguntza eskatu behar ditugula, baliabideekin, emakume migratuak antolatu ahal izateko eta instituzioak elkarrekin lanean hasteko. Bigarrenik, emakume migratu eta arrazializatuok kontzientzia hartu behar dugula, euskarri garelako zainketen krisia arintzeko; ez bakarrik EAEn, baita Estatu osoan ere. Hirugarrenik, etxe barruko zainketa lana deuseztatu egin behar da, migratutako gorputzen esplotazio sakonaren nitxoa delako eta botere arrazistak bere botere guztia gauzatzen duen testuingurua delako. Laugarrenik, mendekotasun-egoeran dauden pertsonak zaindu eta artatzeko langile guztiok eskubide eta betebehar berberak ditugu, paperak izan ala ez. Bosgarrenik, atzerritartasunari buruzko legea aldatu edo eguneratu egin behar da, gure gorputz migratuak esplotatzen jarraitzeko lehen mailako konplizea delako, etxeko enpleguaren erregimenean erabateko zabarkerian bizitzera behartuz; gainera, profesionalizazio sozio-sanitarioa eskatzen digute, eta esan nahi diegu ez dela gauza bera pertsona zaurgarrien bizitzak artatzea edo objektuak garbitzea. Uste dugu erregularizazio-saria eskuratzeko baldintza bakarra lan-kontratu justua eta duina dela. Seigarrenik, hitzarmen edo lege-dekretu bat sortzea eskatzen dugu, migratutako eta arrazializatutako emakumeek egiten dugun ordaindutako zainketen lana profesionalki aitortzeko. Izan ere, guztiok bezala lan egin eta kotizatu nahi dugu, eta eskubide berberak izan, hala nola lan-osasuna eta langabezia-prestazioa. Gaur egun, zaintzako langileok ez ditugu eskubide horiek guztiak.

"Erregularizazio-saria eskuratzeko baldintza bakarra lan-kontratu justua eta duina da"

Zer egin daiteke egoera hobetzeko?

Erakundeek beharrezkoak diren baliabideak jartzea ezinbestekoa izango da, eta ezkutuko errealitate hau bistaratzerako eta sozializaziorako proiektuak sortu behar dira. Gure borrokak eta erresistentziak ikusarazi behar ditugu, eremu politiko eta sozial guztietan erabateko aldaketa bultzatzeko. Patriarkatuaren ondorioak emakume migratuok bertako emakumeek ez bezala pairatzen ditugu, migratuoi gehiago eragiten digu. Horrez gain, Gipuzkoan emakume migratu eta arrazializatuak antolatzeko eta ahalduntzeko erreferentziazko gune bat sortu beharko litzateke. Antolaketa eta borroka komunitarioa behar dugu.

Bergarako Jabekuntza Eskola moduko ekimenekiko ze iritzi duzu?

Oso interesgarriak direla. Ekimen honi esker nago ni hemen, eta ahalduntzeaz harago prestakuntza ere eman behar zaie, eta ez bakarrik sozio-sanitarioa ateratzeko, baita lan, ekonomia eta gizarte eskubideetan eta hemengo pertsonentzat prestakuntza emateko ere, eskola bat, gu ongi tratatzen ikas dezaten.

Antolatzen hasita zaudete, ezta?

Bai, baina bide luzea dugu aurretik. Autoeratze feministaren eta arrazakeriaren aurkako borrokaren aldeko apustua egiten dugu, eta pribilegio zuriak behar den moduko sakontasunarekin aitortzea nahi dugu. Soilik orduan irtengo gara egun bizi dugun egoera lazgarritik; gure borroka eta erresistentzia onartzea besterik ez dugu eskatzen.

Beste deirik egin nahiko zenuke?

Bai. Gure ahizpa migratu guztiei dei egiten diegu gurekin antola daitezen. 200 emakumek osatutako kolektibo bat da zaintzako langileak batzen dituen. Honako telefono zenbaki honetara whatsapp mezua bidali dezakete: 630 05 47 95. Estatu osoko emakumeak gaude kolektibo horretan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak