Interesa piztu zuen San Juango, Uberako, Basalgoko eta Buruñaoko auzotarrek antolatuta atzo Seminarixoan egindako mahai-inguruak. Greene taldeak paper fabriketako hondakinak tratatzeko Larramendin egin nahi duen proiektua izan zen aztergai.
Elxeko enpresako arduradun nagusien parte hartzearekin egin zuten mahai-ingurua Bergaran. Juan Jose Hernandezek eta Enrique Araezek proiektuaren onurak azaldu zituzten. Oso bestelako iritzia eman zuen Ekologistak Martxan konfederazioko hondakinen arloko arduradun Carlos Arribasek.
Iritzi kontrajarriak
Larramendirako aurreikusita dagoen proiektua errausketa planta dela ziurtatu zuen Arribasek. Greene enpresako arduradunek defendatu zuten pirolisia ez dela errausketa.
Arribasek ziurtatu zuen Greene enpresako arduradunak gezurretan dabiltzala. Proiektuaren inguruko datuak ezkutatu dituztela salatu zuen, eta Bergarako Udala zein herritarrak engainatzen saiatu direla hasieratik. Gaiak auzitegietan amaituko duela aurreikusten du Arribasek. Greene taldeko arduradunek erantzun dute ez dutela ezkutatzeko ezer.
Kezka herritarren artean
Ordu eta erdiko mahai-ingurua jarraitu ostean eta askotariko datu teknikoak eta balorazioak entzun ostean bertaratutako herritar askoren artean kezka zen nagusi. Denbora eta mahai-inguru gehiago eskatu dituzte batzuk. Enpresak argibide gehiago eman behar dituela ere azaldu zuten beste batzuk.